SANMARKOSENE ERRESIDENTZIA (ERRENTERIA)
Greba azaroaren 18tik aurrera, bost kaleratzeen aurka eta %100eko lanaldiak eskatzeko
Sanmarkosene adinekoen egoitzan, Errenterian (Gipuzkoa), 125 pertsona inguruk egiten dute lan, gehienak emakumeak. Plantillaren % 36k kontratu partzialak ditu; ondorioz, soldata baxuagoak dituzte, eta lan egutegietan erabateko malgutasuna eskatzen zaie.
Joan den irailean, enpresak lan ordutegiei eta lan egutegiei buruzko proposamen bat jarri zuen mahai gainean, lan baldintzak nabarmen aldatuko zituena. 18 langileri lanaldia murrizteaz gain, 5 langile kaleratuko lirateke. Hori dela eta, grebara deitzea erabaki dute.
Gauzak horrela, kaleratzeak saihestea, langile guztiek % 100eko lan kontratua izatea eta egutegietan akordioa egotea eskatu diote Aldundiari.
Zerbitzu publikoa denez, langileak eta egoiliarrak herrikoak direnez, Errenteriako Udalari ere eskatu diote erantzukizuna bere gain har dezala akordio bat lortzeko.
Grebaren lehen hiru egunak azaroaren 18, 19 eta 20an izango dira, eta akordiorik ez badago, greba mugagabea izango da 25etik aurrera.
Datorren aste osoan zehar mobilizazioak izango dira: manifestazioak deitu dira astelehen, asteazken eta ostiraletan, eta auto karabanak egingo dituzte astearte eta ostegunean.