ARABAKO FORU SUHILTZAILEAK

Greba deitu dute uztailaren 15etik abuztuaren 4ra

2024/07/11
ELAk eta LABek hiru asteko greba deitu dute eta uda osoa hartuko duela aurreikusi dute, baldin eta Arabako Foru Aldundia ez bada negoziatzera esertzen langileen egiturazko arazoak konpontzeko. Plantilla handitzea, hitzarmen berri bat lortzea eta inposaketak bertan behera uztea eskatzen dute.

Arabako Foru Suhiltzaileek greba hasiko dute abuztuaren 15ean, astelehenean, euren aldarrikapenak entzun daitezen. Zerbitzu hori da EAEn ondo definitutako lan baldintzak ez dituen bakarra, duela zortzi urtetik ez baitu hitzarmenik. Horrek aukera ematen dio egungo Zuzendaritza-Gerentziari, Jone Berriozabal diputatuaren onespenarekin, gizartearen adostasunei men ez egiteko eta plantillaren aldarrikapenei entzungor egiteko. Gainera, langileek salatu dute urteak daramatzatela Suhiltzaile Bururik gabe, eta urte hauetan guztietan, erabaki estrategikoak eta egunerokoak Alberto Amenabar Zuzendari-Gerenteak hartzen dituela aldebakarrez. Aurreko astean kargugabetze eskaera bat erregistratu zuten, kudeaketa txarragatik eta nortasun gatazkatsuagatik.

Plantillak inposaketak salatu ditu, hala nola bat-batean, uda garaian, zerbitzu agindu bat ezartzea, nahitaezko prestutasuna ezarriko duena, inolako negoziaziorik ezta aparteko ordainik gabe.

"Zerbitzuaren beharrak" aitzakitzat hartuta, ezohiko egoeretarako ezarritako legezko neurriak erabiltzen ari dira zerbitzuaren behar arruntak eta egiturazkoak asetzeko, praktika ohikoa zerbitzuaren sorreratik. Langileek urteak daramatzate plantillaren handitzea eskatzen, eta uste dute egungoa ez dela nahikoa euren segurtasuna eta Arabako herritarrena bermatzeko.

ELAk eta LABek erakundeei eskatu diete euren erantzukizuna beren gain har dezatela eta "kalitatezko zerbitzua interes partikularren gainetik jartzeko" hitza bete dezatela. Langileen aldarrikapenak kontuan hartzen ez diren bitartean, grebek eta mobilizazioek jarraituko dute.