ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA (PASAIA)

Greba egin dute hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko

2025/07/29
Langileak Udaleko plenoan izan dira, eta zerbitzuaren publifikazioaz gain, Udalari eskatu diote gatazkan esku hartu eta bidera dezala.

Pasaiako Etxez Etxeko langileek (43 lagunek osatzen dute plantilla) greba eguna dute gaur. Izan ere, Matia-Goxara zerbitzua kudeatzen duen azpikontratatutako enpresak negoziazioa blokeatu du, eta egoera hori salatzeko hainbat greba egun deitu dituzte: gaurkoaz gain, abuztuaren 8, 14, 20 eta 25ean, eta irailaren 1etik aurrera hilabete osoan.

Azken hilabeteotan lan baldintzak parekatzeko bidean urratsak emateko borondatea duela adierazi du Udalak. Horretarako, hitzarmena hobetzeko baliabide ekonomikoak agindu ditu. Matia-Goxara enpresak, ordea, diru hori bere etekinetara bideratu nahi du, absentismoa oso handia dela eta ondorioz, nahi adina etekin ateratzen ez dituela argudiatuta.

Etxez etxeko zerbitzuko langileak oso egoera prekarioan daude, euren osasunaren kalterako: bakarka doaz lanera, erabiltzaileak artatzeko askotan pisu handia mugitzen dute, laguntzarik gabe, eta erritmoak eta lan kargak handiak dira, besteak beste. Hori guztia lan jardun murriztuekin, enpresak ez dielako gutxieneko lanaldia bermatu nahi, eta etxetik etxera zerbitzua emateko desplazamenduekin, gutxieneko ordu horiek betetzeko. Gainera, bajan daudenean ez diete 100% osagarria ordaintzen.Enpresak, aldiz, egoera horri irtenbidea eman beharrean, diru publikoarekin etekinak handitzen jarraitzen du. eta langileen osasuna kaltetzen du.