Greba egingo dute Bizkaibusen zerbitzua eskaintzen duen Vectalia Enkarterri enpresan, azaroan eta abenduan

Bizkaibusi zerbitzua eskaintzen dion Vectalia Enkarterri enpresako 60 langile baino gehiago grebara joango dira azaroaren 2an, 14an eta 21ean eta abenduaren 12an eta 21ean, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek deituta. Hala erabaki dute enpresarekin bildu ostean. Izan ere, gaur izandako batzarrean enpresak argi utzi du ez daukala inongo asmorik KPI gaineko soldata igoerak bermatzeko. Enpresak uko egin dio langileen erosahalmena bermatzeari, alegia, ez ditu soldatak igo nahi. Badu, ordea, erreferenterik. Avanza Durangaldean, adibidez, langileek baldintza hobeak dituzte. 2021,2022 eta 2023 urteetarako KPI gorako igoerak dituzten akordio berriak sinatu dituzte, kontratuak mugagabe bihurtzeaz eta beste hobekuntza sozial batzuez gain.
Bizkaibusen emakida honek egunero zerbitzua ematen die 6.000 pertsona baino gehiagori Enkarterriko hainbat udalerritan: Muskiz, Sopuerta, Galdames, Truzios, Zalla, Gueñes, Alonsotegi, Okondo, Gordexola, Artziniega... Halaber, Bilborekin, Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleekin eta EHUrekin du konexioa, besteak beste.
Sindikatuek Bizkaiko Foru Aldundiari eta, zehazki, Garraio Sailari eskatu diote balioan jar dezala Bizkaibusen funtsezko zerbitzu publikoa, “onura handiak dituzten enpresa horiek ez dezaten espekulatzen jarraitu kalitatezko garraio zerbitzu publikoa behar duten langileekin eta herritarrekin”.