arabako erresidentzia eta etxebizitza komunitarioak
Greba egun berri bat maiatzaren 30ean

Datorren maiatzaren 30ean beste greba egun bat egingo da Arabako egoitzen eta etxebizitza komunitarioen sektorean, ELA eta LAB sindikatuek deituta. Goizeko 11:00etan kalejira aldarrikatzaile bat egingo da Gasteizko Plaza berritik abiatuta. Arratsaldean, manifestazio nagusia egingo da. 18:30etan Bilbao plazatik abiatuta Diputazio plazaraino. Bertan ekitaldi bat egingo da. Bigarren greba eguna 2024. urtean, eta 2019tik, 34. eguna. Sektoreko langileek Arabako egoitzen eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmena eskatzen dute.
Hitzarmenaren negoziazio mahaia blokeatuta dago duela urte bat baino gehiagotik, patronalen borondate eskasa eta Arabako Foru Aldundiak sektoreko langileen baldintzak hobetzeko duen interes faltagatik. Onartezina da zaintza sektore hau erabateko prekaritate egoeran egotea. Soldatei dagokionez gutxieneko soldatatik gertu daude, gehiegizko partzialtasuna dago, urteko 1792 orduko lanaldia dute, gehiegizko ratioak jasan behar dituzte eta lan osasunaren prebentziorik ez dago.
Eusko Jaurlaritzak ezarritako gehiegizko gutxieneko zerbitzuak oztopo dira grebarako eskubidea egikaritzeko. Hala ere, honek ez du oztopatu dozenaka langilek greba egitea. Pentsiodunen mugimenduarekin, senideen kolektiboekin eta mugimendu feministarekin batera egindako lana ere aipatu behar da, elkarlan hau oso positiboa eta beharrezkoa da. ELA eta LAB sindikatuok berriro deitu dugu mahai negoziatzailea. Ekainaren 3an bilduko da mahaia. Azken mahai negoziatzaileetan patronalak egindako proposamenek ez dute batere hobetzen egoitzetako langileen baldintzak eta sektorearen prekarietatea betikotzen dute.