Greba eguna Arabako erresidentzietan

2022/03/30
Negoziazio mahaiaren blokeoaren aurrean, Arabako erresidentzietako langileek, ELAk eta LABek deituta, greba egin dute lurraldeko zahar egoitzen lehen hitzarmena aldarrikatzeko. Plaza Berrian hasi eta Diputazioan amaitu den manifestazio batean, Gasteizen, %100eko gehiegizko zerbitzu minimoak salatu dituzte. "Isilarazi nahi gaituzte, baina gaur kalera atera gaitezkeenak gutxi izan arren, gure eskubideen alde borrokatzen jarraituko dugu", adierazi dute.

Mobilizazioak duela hiru urte hasi ziren, eta, horri esker, irailean egoitzen eta etxebizitza komunitarioen negoziazio mahaia eratu da. Hala ere, patronalak negoziazioa blokeatzen jarraitzen du, prekarizazioaren alde eginez. Horrela, Bizkaian edo Gipuzkoan baino lan baldintza baxuagoak eskaintzen ditu. Izan ere, patronalak nahi du 2026an hitzarmena amaitzen denean hileko soldata 1.220 eurokoa izatea (KPIaren inolako bermerik gabe) eta 1.742 orduko lanaldiak ezartzea.

Sindikatuak ez daude baldintza horiek onartzeko prest, plantillari eta egoiliarrei kalte egiten baitie. Kategoria guztietan %50eko igoera eskatzen dute, 2022rako KPIa eta langile guztiei erosteko ahalmena bermatuz, eta 2022rako 200 orduko jaitsiera lanaldian. “Sektorea duintzeko negoziatzera eseri nahi ez duten bitartean, langileok kaleetan jarraituko dugu eta borrokan jarraituko dugu”, azpimarratu dute.