AMVISA (Gasteizko urak)
Greba mugagabearekin hasi dute urte berria bezeroaren arretako langileek
Gasteizko AMVISAko bezeroaren arretarako zerbitzuko langileek greba mugagabean hasi dute urtea, Gasteizko Udalak eta PSEk (udal sozietateko presidentea) ez dutelako langileekin bildu nahi konponbidea aurkitzeko. ELAk akordiorako oinarriak jasotzen dituen dokumentu bat bidali dio enpresari -plantilla handitzea, lanaldi osoak eta lan-egonkortasuna eskatzen dituzte-, eta, aldi berean, enpresari, AMVISAri eta, batez ere, Gasteizko Udalari negoziatzeko esertzeko deia egin die.
Zerbitzuko bost langileak greban daude azaroaren 18tik. Denbora tarte horretan, azpikontratatutako enpresarekin bilera bakarra egin dute, inolako akordiorik gabe. Gasteizko Udalak eta AMVISAk ez dute urratsik egin. Ez dute bilerarik deitu eta ez dira harremanetan jarri langileekin edo sindikatuarekin.
Grebaren jarraipena erabatekoa izaten ari da, eta pertsona bakarra ari da lanean, Eusko Jaurlaritzak zeregin jakin batzuetarako gutxieneko zerbitzuetan izendatutakoa. Gauzak horrela, AMVISAn ez dago eta ez da egongo aurrez aurreko arretarik egongo.
ELAk ondorioztatu du gatazkari irtenbidea eman beharrean, Gasteizko Udalak legez kanpo ordezkatu dituela grebalariak eta greba eskubidea urratu duela. Hala salatu du Lan Ikuskaritzan.