BIZKAIKO ESKU-HARTZE SOZIALA

Greba urriaren 30 eta 31n

2023/10/26
ELA, CCOO, LAB eta ESK sindikatuek deitu dute grebara. Duela bi urte iraungitako hitzarmenaren negoziazioaren blokeoari aurre egitea dute helburu. Salatu dutenez, Gizardatz eta Geroan patronalek lan baldintzen okertzearen alde egiten dute, eta laneko segurtasuna ez dute bermatzen.

Bizkaiko Gizarte Esku-Hartze Sozialeko langileek kalejira egin dute gaur Bilbon, hurrengo greba deialdiak jakitera emateko: urriaren 30ean eta 31n. Bi urte daramatzate hitzarmena berritu barik, eta 27 negoziazio mahairen ostean, langileek grebara joko dute lan baldintzen hobetzea eskatzeko eta laneko segurtasuna bermatzea exijitzeko.

Sindikatuek salatzen dute arduradun instituzionalek (Bizkaiko Foru Aldundiak, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak) politika sozialak aurrera eramaten dituztela dioten arren, (Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretua aplikatuz), errealitatea oso bestelakoa dela, esku-hartze sozialeko sektoreak erakusten duen bezala.

Horregatik, erakunde publikoei eta patronalei exijitu diete funtsezkoak diren aldarrikapen hauetan aurrera egitea:

- KPIaren gaineko soldata igoerak
- Arrisku psikosozialak eta babes bereziko jarduerak aitortzea
- Lan baldintzen funtsezko aldaketarekin amaitzea                                                                                                                                                                                                                                                                                             
- 35 orduko lanaldia
- Bajen osagarriak % 100ean
- Ordezkapenak lehenengo egunetik
- Enpleguaren egonkortasuna
- Berdintasun planak
- Hobekuntzak kontziliazioaren arloan