Grebalariek itxialdiak egin dituzte udaletxetan prekaritatearen aurkako neurriak exijitzeko
Gipuzkoako Erresidentzia eta eguneko zentroetako lan gatazkak 172 greba egun bete ditu. Errenteriako Sgdo. Corazón (Kabia-Eulen), Sanmarkose (Gureak), Zumaiako San Juan (Kabia-Clece) eta Ordiziako San Jose (Kabia-Zaintzen) egoitzetako langileek euren udaletxeetan itxialdiak egin dituzte aste honetan. Zumarragako Argixao (Gerozerlan-Matia) eta Donostiako Villa Sacramento (Domusvi-Mitie), La Paz (GSR-Coop.Mondragon) eta Txara II (Biharko Gipuzkoa)ko grebalariek aldiz, atzo eta gaur euren udaletan itxialdia aurrera eramateko saiakera egin badute ere, bi udal hauetako gobernuek ez dute ekimena babestu, beraz, ezin izan dute itxialdia egin.
Grebalariek euren udaletako alderdi politikoak interpelatu nahi izan dituzte, azken batean bertako langileak eta egoiliarrak direlako eta egoitzetan ematen den zerbitzua eta lan baldintzak bermatu beharko lituzketelako.
Hitzarmena berritzeko negoziazio mahaia orain 15 hilabete hasi bazen ere, patronal eta foru aldundia ez dira gai zaintza sektore honetan gero eta handiagoa den prekaritatea ezabatzeko neurririk hartzeko. Langileek 172 greba egun daramatzate eta berehalako neurriak eskatu dizkiete udalei.
Hau horrela, udaletan aste honetan udal batzarrak egin dira eta grebalariek eskaera zuzena egin diete udaletako alderdi politikoei: Foru gobernuak langileen aldarrikapenak jaso eta besteak beste prekaritateko elementu nagusienetakoa den lan kontratuen partzialtasunaren aurkako neurri zehatzak behingoz mahai gainean jar ditzala eskatzea.
Besteak beste, langile guztientzako %100eko lan kontratuak ezartzea eskatu dute langileek. Hurrengo negoziazio mahaia maiatzaren 7an da eta bertan urratsak egitea espero dute.