ASPACE GIPUZKOA
Grebaren jarraipen zabala
Aspacek erabat blokeatuta du hitzarmenaren negoziaketa. Langileek Administrazio Publikoari eta Aspaceri eskatzen diote soldataz gain, gainontzeko hobekuntzak bermatzea: lana eta bizitza kontziliatzea ahalbidetuko dituzten neurriak, hobekuntza sozialak eta enpresa beraren antolaketa eta funtzionamendua hobetzea. Gaurko grebaren arrakasta ikusita, beste bi greba egun deituak dituzte apirilaren 11n eta maiatzaren 8an.
Gipuzkoako Aspace eguneko zentroetako langileen grebaren jarraipena zabala izaten ari da gaur ere. Guztira, 169 langile daude grebara deituta. Zehazki, Irungo Arrupenea eta Urdanibiako zentrokoak, Bergarako Orixondoa zentrokoak, Arrasateko Udalaitz zentrokoak, Urretxukoak, eta Donostiako Intxaurrondo eta Goienetxe zentrokoak daude grebara deituta, baita hezkuntza bereziko langileek dagokionez, honakoetan ere: Beasainen, Tolosan, Eskoriatzako Luis Ezeizan, Donostiako Santa Teresan, Eibarko Goienetxen, Bergarako Ibaiondon, Andoaingo La Salle-Berrozpen, Eskoriatzako Luis Ezeizan, Arrasateko Musakolan.