Hamar eguneko grebara deitu dute itunpeko ikastetxetako sindikatuek

2019/02/08
Lau greba egun izango dira martxoan, beste lau apirilean eta bi maiatzean. ELA, LAB, Steilas, UGT eta CCOOren esanetan Kristau Eskolarekin izan dituzten bileratan ez da aurrerapen nahikorik lortu, eta beraz, greba beste biderik ez diete utzi.

2017ko azaroan sindikatuoi negoziazio-mahaitik altxatu eta mobilizazio dinamika bati ekitea beste biderik ez ziguten utzi patronalek; izan ere, hamaika bilera egin ondoren lan hitzarmena berritzeko asmotan sindikatu guztiok adostasunez aurkeztutako plataforma bateratuan jasotako edukiei ez baitzieten erantzunik ematen.

Urtebete luzez mobilizazio ugari gauzatu ditugu langileok, hainbat elkarretaratze eta manifestazio, hainbat kanpaina eta ekintza, eta besteak beste, langileen babes zabala izan duten 17 greba egun gauzatu ditugu bi ikasturtetan sakabanaturik. Gure mobilizazio egutegiak langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamenak landu eta ekartzeko beta eman die patronalei, baina hauek ez dute inolako akordiorako borondaterik erakutsi.

Urtarrileko zortzi greba egunen ostean, sindikatuok aldebiko bileretara deitu gintuen Kristau Eskola patronalak. Bilera hauetan, ordea, proposamen eta eduki serioak proposatu gabe jarraitu du, argi utziz bilera hauek deitzearen helburu bakarra sindikatuon arteko frikzioak bilatzea zela.

Eusko Jaurlaritza ere ez da gatazka honetan dagokion arduraz jokatzen ari. Bere burua zuritu eta gatazkaren irtenbidean benetako inplikazioa ekiditera bideratu ditu bere ekintza guztiak, hala nola, zerbitzu minimoak igotzeko erabakia, gatazka lan sailera bideratzeko saikera, edota gatazka honen atzean interes ezkuturen bat dagoela esanaz eginiko inolako oinarririk gabeko adierazpenak.

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGTk eta langileok familien kezka eta ardura ulertzen dugu; gu geu ere erabat arduratuta gaude egoera honekin.  Arduragabekeria hutsa iruditzen zaigu patronalen aldetik proposamen seriorik ez egotea, eta Jaurlaritzaren aldetik mugimendurik ez egitea. Sindikatuok akordioetara iristeko borondatea daukagu, eta prest gaude benetako negoziazio bati ekiteko, ez, ordea, mahaitik altxatzera eraman gintuen egoera berdinera itzultzeko, edukirik gabeko bilera kate batera.

Hau horrela izanik mobilizazio eta greba dinamika gogortu beste biderik ez digute uzten, eta 10 greba egun barneratzen dituen mobilizazio egutegia adostu dugu ikasturte amaiera bitarte: otsailak 28an manifestazioa, martxoak 12-15 bitarte lau greba egun, apirilak 1-4 bitarte lau greba egun eta maiatzak 8 eta 9an bi greba egun.

ELA, STEILAS,CCOO,LAB eta UGTk bai patronalei baita Eusko Jaurlaritzari ere bakoitzak dagokion ardura eta erantzukizuna bere gain hartu eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak hartzea eskatzen diegu, langileen aldarrikapenei tajuzko erantzunak emanez eta akordioetara erdiestea ahalbideratuko duten planteamenduak eginez.