Sindikatuetako ordezkariek Haurreskola, Sukalde eta Garbiketa, Heziketa Berezian eta Irakasleetan burutuko diren lanuzteak erregistratu dituzte

2017/10/25
Gaur erregistratu dira azaroaren 9, 16, 23 eta 30ean Haurreskola, Sukalde eta Garbiketa, Heziketa Berezian eta Irakasleetan burutuko diren greba eta mobilizazioak. Eusko jaurlaritzak momentuz ez ditu aintzat hartu hezkuntza publikoak pairatzen duen egoera larria eta sindikatuon aldarrikapenak. Atzo aurkezturiko aurrekontuek inola ere ez diete erantzuten gure behar eta aldarrikapenei.

Jakina da ELA, LAB eta STEILAS sindikatuok hezkuntza publikoaren inguruan egiten dugun irakurketa larria. Eta egoera honen baitan plantillak handitzeko, behin-behinekotasuna murrizteko, gelako ikasle kopurua gutxitzeko, ordezkapenak lehen egunetik egiteko, eroste-ahalmena berreskuratzeko, bajak bere osotasunean ordaintzeko, erretiro laguntzak berreskuratzeko eta, besteak beste, hezkuntza garapen pertsonal eta sozial, berdintasun, justizia eta euskalduntze tresna bihurtzeko egiten dugun eskaria.

Eusko Jaurlaritzak ordea, proposatu duen plantilla handitzea hutsaren hurrengoa da. Irakasleetan behin-behinekotasuna %25ean uzteko proposamena egin digu (%17an beraien esanetan), Heziketa Berezian %36an, Haurreskoletan %41ean eta Sukalde eta Garbiketan %63an. Ordezkapenak lehen egunetik soilik Lehen Hezkuntzan. Eta gainerako murrizketa guztiak berdin mantentzea proposatu digu.

Honi gehitzen zaio, atzo bertan jaurlaritzak aurkeztu zuen aurrekontu proposamena. Bertan, inoizko aurrekonturik handiena denaren propaganda pean, zerbitzu publikoak, hezkuntza eta modu berezian hezkuntza publikoa pisua galtzen ari direla ezkutatu nahi digute. 51,4 milioi € gehiago bideratuko badituzte ere hezkuntzara. Aurreikusiriko aurrekontu igoera %1,9koa da, Barne Produktu Gordina 2, 4 igoko dela aurreikusten denean. Hau da, hezkuntzak gure herrian sortzen dugun aberastasunarekiko pisua galtzen jarraituko du. 2018an, oraindik ere 2009an baino 107 milioi € gutxiago bideratuko ditu gobernuak hezkuntzara.

Aurrekontu honek inola ere ez diete erantzuten hezkuntza publikoaren premiei eta herritar, familia, ikasle, langile eta sindikatuon aldarrikapenei.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu azken urteetan etengabe agerian utzi dugun egoera larri honi erantzuteko proposamenak luza diezazkigula eta gure oraina eta etorkizuna eraikitzeko ezinbestekoak diren baliabideak negoziatzeko bideari hel diezaiola.

Horrela gertatzen ez den heinean, gaur erregistratu ditugun grebekin eta mobilizazio gehigarriekin jarraitzea beste biderik ez digu utziko.

Langile, ikasle, familia eta herritarrei dei egiten diegu larunbat honetan urriak 28, Donostia (17:00etan Alderdi Ederren eta 16:00etatik aurrera haurren txoko), Gasteiz (17:00etan Ama Zuriaren plazan eta Bilbon (17:30etan Jesusen Bihotzean) burutuko ditugun manifestazio eta aldarrikapen festetan parte hartzera.