Haurreskolak Partzuergoko Kudeaketa langileen kolektiboan deitutako lehen greba egunak jarraipen zabala izan du

2019/09/02
2018-2019 ikasturteko mobilizazio eta greben ondoren, langileek bost eguneko greba burutuko dute irailaren 2tik 6ra ELA eta Steilas sindikatuok deituta. Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa langileek urteak daramatzate lan baldintza prekario eta onartezinetan lanean eta egoera honek, langile asko lanpostua aldatzera edo Haurreskoak Partzuergoan lan egiteari uztera bultzatu ditu.

2018ko martxoan Haurreskolak Partzuergoak LAB sindikatuarekin sinatutako akordioak Kudeaketa langileen lanpostuen zerrendaren, LEP prozesuaren eta ordezkoen eta barne-promozio araudien negoziazioak jasotzen zituen. Baina akordioa sinatu zenetik urtebete pasa denean, Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak oraindik ere ez diote erantzunik eman langile hauek bizi duten egoera prekarioari eta ez dute aurrerapausorik emateko proposamen intregralik egin, behin eta berriz negoziazioa atzeratuz. Hau dela eta, Steilas eta ELA sindikatuok, gaur egungo beharrei egokitutako lanpostu zerrenda duina osatzea eta %100ean behin behinekoak diren langileen lanpostuak bermatzea exijitzen dugu.

Bai langileek eta baita Steilas eta ELA sindikatuok ere negoziazioak aurreratzeko egindako eskaerari erantzun gabe jarraitzen du Haurreskolak Partzuergoak, behin eta berriz, kolektibo honekiko duen arduragabekeria agerian utziz. Egoera honela, kudeaketa langileen arloan burutuko diren mobilizazioak babestuko ditugu eta kolektibo honen lan baldintzak hobetuko dituen negoziazio integral eta serioa exijitzen jarraituko dugu. Horrela izan ezean, mobilizazioak indartuko ditugu.