Haurreskolak Partzuergoko Kudeaketako langileek mobilizazioekin jarraitzen dute

2018ko martxoan Haurreskolak Partzuergoak LAB sindikatuarekin sinatutako akordioak kudeaketako langileen lanpostuen zerrendaren, LEP prozesuaren eta ordezkoen eta barne-promozio araudien negoziazioak jasotzen zituen. Zehaztapen ezak, ordea, langile hauen lanpostuak kolokan jarri zituen. Akordioa sinatu zenetik ia urtebete pasa denean, Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak oraindik ere ez die erantzunik eman langile hauek bizi duten egoera prekarioari, ezta mahai gainean negoziazio seriorik jarri ere.
Egoera honen aurrean, kudeaketako langileak pasa den abenduaren lautik mobilizatzen ari dira (lanuzteak, jardun osoko hiru greba egun...) eta otsailaren 21ean, mahai negoziatzailea burutzen zen bitartean, elkarteratzea egin zuten Haurreskolak Partzuergoko egoitzan.
Greba eta mobilizazio hauek sortutako presioaren ondorioz eta akordioa sinatu zenetik lehen aldiz, negoziatzen hasteko proposamenak mahaian jarri ditu enpresak. Otsailaren 21eko negoziazio mahaian, kanpoan langileak kontzentrazioa burutzen ari ziren bitartean, ordezkapenen eta barne sustapenaren inguruan benetako negoziazio bat eman zen lehen aldiz eta aurrerapauso batzuk egon ziren.
ELAk oso garbi dauka proposamen hauek mahai gainean daudela mobilizazioei esker; baita edukiz betetako negoziazioa mobilizazioekin batera etorriko dela ere, 15 urteren ondoren, Hezkuntza Saila eta Haurreskolak Partzuegoa greba eta lanuzteek sortutako presioaren ondorioz soilik hasi baitira langileen aldarrikapenak negoziatzen. Eta beraz, aurrerapauso hauek positiboki baloratzen ditugun arren, borrokan eta mobilizatzen jarraituko dugu edukiz betetako negoziazio serio bat eman dadin, kudeaketako langileen aldarrikapenak lortu eta Partzuergoari betearazi arte. Argi ikusi baitugu hori dela bide bakarra.