Haurreskolak Partzuergoko langileen % 70k bat egin dute LABek, Steilasek eta ELAk deitutako grebarekin

2021/02/23
Aste honetako bigarren greba eguna da hau, guztira, seigarrena. Beste behin ere, behin-behineko langileen kontsolidazioa, doakotasuna, Hezkuntza Sailean integrazioa eta akordioak eta hitzarmena betetzea exijitu diete Haurreskolak Partzuergoari eta Hezkuntza Sailari. Bihar ere greba eguna dute eta manifestazioa egingo dute 11:30etan, Lakuan.

LABek, Steilasek eta ELAk deituta, aste honetako bigarren greba eguna izan dute Haurreskolak Partzuergoko langileek eta % 70eko jarraipena izan du berriz ere. Sindikatuek Jokin Bildarratz EAEko Hezkuntza sailburuari eskatu diote Haurreskolak guztiz doan izateko pausoak noiz emango dituen argitzeko. Horien etorkizuna hezkuntza-zerbitzu horren doakotasunarekin eta Hezkuntza Sailean integratuta bakarrik bermatuko dela ziurtatu dute. Azpimarratu dute garaia dela 0-3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako lehen zikloari merezi duen aitortza emateko. Ildo beretik, lanpostuak egonkortzeko prozesua exijitu dute, sektorean dagoen lan-behin-behinekotasunaren tasa jaisteko. Halaber, pandemiaren ondorioz baldintza ekonomikoak okertu zaizkien familiei Haurreskolak Partzuergoaren kuoten hobariak nola gauzatuko diren argitzeko eskatu diote Bildarraitzi.

LABek, Steilasek eta ELAk Haurreskolak Partzuergoan deitutako grebarekin bat egin dute haur eskoletako langileen % 70k, besteak beste, hezkuntza zerbitzua doakoa izatea eta Hezkuntza Sailean integratzea eskatzeko. Abenduaren 10ean eta 16an eta urtarrilaren 25ean eta 27an egindako greba-egun arrakastatsuen ondoren, eta EAEko Hezkuntza Sailak deitutako azken negoziazio-mahaitik bi hilabetera, otsailaren 22an greben dinamikari heldu zioten berriro, eta % 70eko parte-hartzea izaten ari dira. Sindikatuek Haurreskolen etorkizunaz argi hitz egiteko eskatu diote Bildarratzi. Hezkuntzari egotzi diote negoziatzeko borondaterik ez izatea eta langileen aldarrikapenei bizkarra ematea. Aldarrikapen horiek honako hauek dira: Haurreskolak Partzuergoa doakotasuna eta Hezkuntza Sailean integratzea; dauden akordioak errespetatzea eta betetzea; hitzarmen berriaren negoziazioa abian jartzea; behin-behinekotasun-tasarekin amaitzea eta lanpostuak egonkortzea; Haurreskolak Partzuergoa sartzea Banakako Babeseko Ekipamenduen hornikuntzan, eta Osakidetzak aurrekontu publikoa handitzea.

Hurrengo greba bihar, otsailak 24, izango da eta manifestazioa egingo dute 11:30etan, Lakuan.