Administrazio publikoko langileen soldatak 2010eko hitzarmenean ezarritako mailatik beherago daude

2017/10/19
Eusko Jaurlaritzak, %1,5eko igoera proposamenarekin, jadanik %15ekoa den enplegatu publikoen eroste-ahalmenaren galera areagotuko du. Legealdi honetako erretiroak doi-doi ordezten ditu bere enplegu-eskaintzak. Enpleguaren arloan, ELAk berriro azpimarratu du plantillen egonkortasunaren eta giza baliabide nahikoak izatearen beharra, eta baita pribatizazioekin behingoz amaitzeko beharra ere.

ELAk salatzen duenez, Mahai Orokorreko gaurko bileran Jaurlaritzak jarraitu du akordio-aukerak blokeatzen. ELAren proposamenak baztertu ditu, bata bestearen atzetik, eta gobernuak egin dituen eskaintzak lehengo hitzarmenen azpitik daude.

Enpleguaren arloan ELAk berriro azpimarratu du plantillen egonkortasunaren eta giza baliabide nahikoak izatearen beharra, eta baita pribatizazioekin behingoz amaitzeko beharra ere.

Horretarako, enplegu publikoaren eskaintzak egin behar dira, azken urteotan Mahai Orokorraren esparruetan (Osakidetza, Hezkuntza, Ertzaintza, Administrazio Orokorra, Sozietate Publikoak) suntsituriko 17.500 lanpostu publikoak nolabait berreskuratuz joateko. Halaber, EAEko esparru publikoan 30.000 kalitatezko postu birjartzeko eta finkatzeko prozesu-deialdiak berehala egiteko eskatu du ELAk; batetik, erretiratzeko bidean dauden 9.000 langileak ordezteko, eta bestetik, plantillen ia herena izatera heldu diren behin-behineko langileak finkatzeko.

Jaurlaritzak ezetza eman dio ELAren proposamenari, eta aurreko bileran esandakoari eutsi legealdi honetako erretiroak doi doi ordeztuko dituen eskeintza mantenduz. Agerian da, euskal sektore publikoa desegiteko Jaurlaritzaren asmoa.

Soldata eta baldintza sozio-laboralen arloan, ELAk salatu du Jaurlaritzak ez duela 2010eko Mahai Orokorraren akordioa bete.

Soldatei dagokienez, ELAk soldatak eta eroste-ahalmena (%15 galduta) onbideratzeko eskatu du, eta horrekin batera Itzarrirentzako ekarpenak, finkaturiko portzentajeetan, berriro egiteko, gaixotzeko zigorra berehala kentzeko, eta murriztu diren gainerako lan-baldintzak berreskuratzeko (erretiro-primak...).

Urkulluren gobernuak soldata eta baldintza sozio-laboralen arloan egin dituen proposamenak adar jotze hutsak dira. Izan ere, %1,5eko soldata-igoera beste galera bat izango da enplegatu publikoen eroste-ahalmenerako, zeinek 2010eko taulen gainean %3ko murrizketa jasaten jarraitu behar baitute. Itzarriren murrizketa mantenduko du, zeren bere proposamena, Itzarriri 0,5 eko ekarpenak egitearena, 6 aldiz txikiagoa baita, 2011n finkaturikoa baino (lehen %3koa zen). 2012Ko aparteko ordainsariaren laurdenari dagokionez, langileei ordainsari hau itzultzen dion azken Administrazioa da Jaurlaritza.

ELAren aldetik, Euskal administrazio publikoko sektore desberdinetan antolatuko diren mobilizazio eta lanuzteetan parte hartzera dei egiten diegu bertoko langileei.