Hezkuntza publikoko sukalde eta garbiketako langileek grebara joko dute ostegunean

2017/11/13
Hezkuntza publikoko sukalde eta garbiketako langileak mobilizazio eta greba dinamikan sartuta daude iazko ikasturtetik. Egun, gobernua sektorea hiltzen uzten ari da epe motzean jarduera enpresa pribatuen eskuetara pasatzeko. Izan ere, sukalde, jantoki kolektiboetan eta garbiketan diharduten enpresek interes handia dute hezkuntza publikoan. ELA eta LAB sindikatuek greba deitu dute datorren ostegunerako, azaroak 16.

ELA eta LABen Agiria:

Hezkuntza publikoko sukalde eta garbiketako langileok mobilizazio eta greba dinamikan sartuta gaude iazko ikasturtetik.

Gure sektorea pribatizatzeko arrisku bizian dago. Azken urte luzeetan Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Sailean sukalde, jantoki eta garbiketa jarduerak etengabe pribatizatu ditu. Egun, gobernua sektorea hiltzen uzten ari da epe motzean jarduera enpresa pribatuen eskuetara pasatzeko. Izan ere, sukalde, jantoki kolektiboetan eta garbiketan diharduten enpresek interes handia dute hezkuntza publikoan;, langile publikook betetzen ditugun lanpostu eta jarduerak bere gain hartzeko.

Sektoreko azken hitzarmena 2009. urtekoa da. Ia 9 urte igaro dira orduz geroztik eta Hezkuntza Sailak sistematikoki ez du bete soldatez, ratioez, prestakuntzaz, langileez, euskalduntzeaz, lan osasunaz edota erretiro partzialaz... sinatu zuen konpromisoa. Eta egun egoera oso larrian gaude bai sukaldeko baita garbiketako langileak:

- Kontratu guztien %63 behin-behinekoak dira (400 langiletik gora).Ssukaldarien artean %62 eta garbitzaileen artean %61.

- Egiturazko lanpostu ugarik ez dute %100eko jarduna eta aldiz asteko 2.420 ordu inguru kasu gehienetan iruzurrezkoak diren “laguntza kontratu” bidez betetzen dira.

- “Laguntza kontratu” asko jardun erdia edo herena baino oraindik ere txikiagoak dira.

- Lan-kargak eta ardurak asko handitu dira eta kasu batzuetan ratioak eta metrajeak ere ez dira betetzen, ez dira egungo errealitateari egokitzen.

- Ordezkapenak ez dira betetzen edo oso berandu betetzen dira.

- Kategoriak eta soldatak azken mailetakoak dira eta ardura handiko funtzioak bete behar izaten dira.

- %11tik gorako eros-ahalmen galera pairatu dugu. 2010 geroztik 16.000 eurotik gorako galera metatua (urteko soldata osoaren %73tik gorakoa).

- Euskalduntzeko plana eta baliabiderik ez da ezarri.

- Azpiegiturak zahartzen utzi dira eta ez da inbertsio eta berrikuntzarik egin. Eskola berrietan ez dago sukalderik.

- Erretiroa errazteko neurriak bertan bera utzi dizkigute.

- Prestakuntza planik eta ekintzarik ez dago

Hezkuntza Sailak inola ere ez dio erantzuten egoera larri honi. Izan dugun negoziazio mahai bakarrean, gure oinarrizko aldarrikapenek ez dute erantzunik jaso. Gobernuaren aldetik ez dago egungo plantillak egonkortzeko, handitzeko edo lan-kargak murrizteko inolako proposamenik. Ezta azken urte hauetan pairatu ditugun murrizketei buelta emateko planteamendurik.

Hau guztia azaleratu, salatu eta egoera larri honi irtenbidea exijituko dugu aste honetan zehar. Ekimen ezberdinak burutuko ditugu:

- Gaur gure egoeraren eta aldarrikapenen berri emateko prentsaurreko hau burutu dugu.

- Bihar, asteartea, sukaldarien aldarrikapenak eta sukaldeko tresnak zintzilikatuko ditugu ikastetxeetan.

- Asteazkenean, garbitzaileen aldarrikapenak eta garbiketa tresnak zintzilikatuko ditugu ikastetxeetan.

- Ostegunean, sektoreko greba burutuko dugu eta Hezkuntza ordezkaritzetan giza-kate, elkarretaratze, kazerolada eta aldarrikapen lunch eta garbiketa burutuko ditugu.

- Ostiralean, ohiko diren ikastetxetako elkarretaratzeetan egingo dugu bat.

LAB eta ELAk Eusko Jaurlaritzari negoziazio mahaia deitu eta ondorengo aldarrikapenen inguruko negoziazio erreala abian jartzea eskatzen diogu:

- Onartezina den behin-behinekotasun maila murriztu.

- Sukaldetako ratioak eta garbitzeko metrajeak gutxitu eta egokitu.

- Ordezkapenak lehen egunetik bete.

- Lanpostu-Zerrandako lan postu guztiak lanaldi osokoak bihurtu eta egiturazko lanpostu guztiak Lanpostu-Zerrenda sartu.

- Langileak bete beharreko funtzioak zehaztu eta lan kategoriak aitortu

- Eroste ahalmena berreskuratu

- rretiroa errazteko neurri eta pizgarria ezarri.

- Langileen prestakuntza eta euskalduntze planak gauzatu.

- Azpiegituretan inbertsioak egin,berritu edota sortu.

Sindikatuon ustez, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritza azken urte luzeetan inposatzen ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea eta, honek guztiak eraginda, egungo hezkuntza publikoan sufritzen ari garen egoerari buelta ematea. Agerian utzi dugun Sukalde eta Garbiketako egoerari ere buelta emanez.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko arduradunei eskatzen diegu, orain arteko jarrera aldatu eta egoera larri honi heldu eta irtenbidea emateko proposamen zehatzak mahai gainean jarriz negoziatzeko borondatea ager dezala.

Honela ez bada, iazko ikasturtean egin dugun moduan, ikasturte hasiera honetan gauzatzen ari garen mobilizazioei jarraipena ematea beste biderik ez digu utziko. Ez dugu utziko sukalde eta garbiketa zerbitzuak pribatizatzen eta hitzarmen eta lan-baldintza duinen alde borrokatuko dugu.