Hezkuntza Sailak Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazkan daukan ardura bere gain hartu gabe jarraitzen du

2019/05/29
ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGTren ustez, gobernuak maiatzaren 29an Gasteizen ospatutako bilera gatazka honetan eskuhartzeren bat izaten ari denaren itxura hutsa egiteko erabili nahi izan du. Hezkuntza sailak lanpostua gal dezaketen langileen ustezko birkokapenerako aurkeztuta duen planteamenduak ez du zerikusirik orain dela lau urte sindikatuok helarazi genionarekin. Are gehiago, egun indarrean dagoen birkokapenerako akordioak jasotzen dituen edukiekiko atzerapauso bat suposatzen du, eta birkokapen eraginkor eta kalitatezko baterako berme minimorik ez du jasotzen.

Maiatzak 8 eta 9ko greba egunen ondoren ez patronal ez Hezkuntza sailaren aldetik langileen eskaerei erantzunez gatazka bideratzeko planteamendu edo proposamen berri eta desberdinik ez zegoenez, sindikatuok hezkuntza sailburua eta sektoreko patronalak maiatzak 30 arratsalderako bilera batetara deitu genituen. Bilera deialdi hartan, bakoitzak daukan ardura bere gain hartuz, zintzotasunez jokatu eta akordioak erdiestea ahalbideratuko luketen planteamenduak eta proposamenak ekartzeko eskatu genien.

Deialdi honen aurrean, atzo bertan Hezkuntza sailak  publikoki adierazi zuen ez duela sindikatuok deitutako bilera horretara joateko asmorik. Aldi berean aste honen hasieran, gaur izan den bilerara deitu gintuen sindikatuok.

Gaurko bileran Hezkuntza Sailak adierazitakoaren baitan, gizarte ekimeneko ikastetxeetako gatazkan duen ardura bere gain hartzeko asmorik gabe eta gatazka bideratzeko pausorik emateko asmorik gabe jarraitzen du. Gaurkoan ere, gela itxieragatik lanpostua gal dezaketen langileen  birkokapenaren inguruan aritu nahi izan du soilik; eta gai honetan bertan ere, jadanik aldez aurretik eginda zuen eta gabezia nabariak dituen planteamenduarekiko aldaketarik ez du aurkeztu.

Horrela, Hezkuntza sailak lanpostua gal dezaketen langileen ustezko birkokapenerako aurkeztuta duen planteamenduak, ez du zerikusirik orain dela 4 urte sindikatuok helarazi genionarekin, egun indarrean dagoen birkokapenerako akordioak jasotzen dituen edukiekiko atzerapauso bat suposatzen du, eta birkokapen eraginkor eta kalitatezko baterako berme minimorik ez du jasotzen:

  • Langile kolektibo ugari proposamenetik at uzten ditu: Lanbide Heziketakoak, Batxilergokoak, Hezkuntza laguntza espezialistak, eta bereziki larria gela itxieragatik lanpostua lehenengo galduko duten 0-3 etapako langileak ere.
  • Birkokapenerako kontratazio irizpide objetiborik ez du zehazten.
  • Birkokapena ahalbidetzeko bultzatuko liratekeen lanpostuak prekarioak lirateke, lanaldi patzialekoak alegia.
  • Bi urterako indarraldia izango luke, ondoren aplikatzen jarraitzeko inolako bermerik gabe.

Sindikatuok gai honi buruz izan ditugun bileretan balorazio hau helarazi diogun arren eta  bermedun birkokapen baterako proposamenak helarazi badizkiogu ere, hezkuntza sailak ez ditu momentuz aintzat hartu.

Agerikoa da beraz, gaurko bilera deialdiaren helburu bakarra, sindikatuok egindako bilera deialdiak suposatu dion interpelazioaren aurrean,  gatazka honetan eskuhartzeren bat izaten ari denaren itxura hutsa ematea izan dela.

Beraz, egoera hau izanik, ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGTk, biharko bilerarako deialdian berresten gara, eta hezkuntza sailari eskatzen diogu, gatazka hau bideratzeko daukan ardura bere gain har dezala, eta biharko sindikatuok deitua daukagun bilerara langileen eskaerei erantzunez gatazkari irtenbide egoki bat emateko planteamenduak ekar ditzala behingoz. Patronalari ere, sindikatu guztiok martxoan helarazitako dokumentuan jasotzen diren edukien ildotik doazen proposamenak mahi gaineratzeko eskatzen diegu biharko bileran.