ARIZNABARRA EGOITZA

Hitzarmenaren blokeoa salatzeko elkarretaratzea

2023/10/02
180 langile ditu erresidentziak eta hitzarmena urte hasieran iraungi zen. Blokeoarekin amaitzeko esku har dezala eskatu diote langileek Aldundiari.

Gasteizko Ariznabarra zahar etxeko eta eguneko zentroko langileek elkarretaratzea egin dute gaur, urriak 2, Batzar Nagusien atarian. Bertan, Gorka Urtaran Gizarte Politiketako foru diputatuak agerraldia egin du azaltzeko Gizarte Politiketako Departamentuaren datorren legegintzaldirako politika orokorra.

Ariznabarra erresidentzia eta eguneko zentroa Domus VI enpresak kudeatzen du, foru sareko zentroa da et 180 langile ditu. 2023aren hasieran hitzarmenaren indarraldia amaitu zen, eta hainbat bilera egin diren arren, oraindik ez da akordiorik lortu. Gogora dezagun duela 13 urte adinekoen egoitzako langileek hainbat hilabetez borrokatu behar izan zutela Araban erreferentziazko lan hobekuntzak lortzeko.

Elkarretaratze horrekin, langileek batzarkideei gogorarazi diete Ariznabarrako baldintzak ezagutu eta entzun behar dituztela, bai enpresak, bai Aldundiak. Izan ere, 2001. urtean administrazioa izan zen egoitza kudeatzeko eredu hori abiarazi zuena.

ELAk, batzordearen ordezkaritzaren % 100arekin, hitzarmenaren negoziazioaren blokeoari irtenbidea emateko esku hartu dezala eskatu dio Aldundiari; zaintzaren sektorearekin irabaziak lortzen ari den multinazional batek eragindako blokeoa baita. ELAk baztertu egin du beste behin Aldundiaren zahar etxe pribatu eta kontzertatuen eredua, eta berriro eskatu du zaintzak unibertsalak, doakoak, duinak eta kalitatezkoak izan behar dutela.