GIPUZKOAKO ERRESIDENTZIAK

Hitzarmenik lortu ezean aurrekontua ez babesteko eskatu die ELAk Batzar Nagusietako ordezkariei

Hitzarmenik lortu ezean aurrekontua ez babesteko eskatu die ELAk Batzar Nagusietako ordezkariei
Sindikatuak greba gehiago deitu ditu azaroaren 20rako eta abenduaren 22rako eta 23rako.

Urrian zehar, ELA Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten batzarkide taldeekin bildu da, eta hitzarmen baterako akordiorik ezean 2027ko aurrekontua ez babesteko eskatu die oposizioko taldeei, EH Bilduri, Podemosi eta PPri. Negoziazio mahaia blokeatuta dago maiatzetik, patronalek, Matiak, Adegik eta LARESek, ez dutelako beste proposamenik egin.

Besteak beste, sektorean dagoen partzialtasunarekin amaitzea eta soldata arrakala ezabatzea eskatzen da hitzarmenean. Izan ere, gaur egun, sektoreko langileen ia erdiek borondatezkoa ez den kontratu partziala dute, eta urtean 10.000 eurotik gorako soldata arrakala.

Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetako lan gatazkak urtebete bete du, eta
batez beste, greba mugagabean dauden 8 egoitzek 350 greba egun bete dituzte, eta sektorean 30 greba egun baino gehiago egin dira. ELAk sektoreko greba gehiago deitu ditu azaroaren 20rako eta abenduaren 22 eta 23rako.

Egoitza eta eguneko zentroen sektorean 5.000 pertsona inguruk egiten dute lan, gehienak emakumeak. Foru Aldundiak finantzatzen du % 90ean, eta, beraz, ELAk erantzukizuna hartzeko eta hitzarmena bultzatzeko behar diren baliabideak jartzeko eskatu dio erakunde publikoari.

Iaz, ELAk jakin zuen Podemosek Jaurlaritzarekin sinatutako akordioak sektorerako 10 milioi euroko aurrekontua zuela. "Urtea nola joan den ikusita, argi dago akordio hura ez zela nahikoa izan", deitoratu du.