ANBULANTZIAK EAE

Ia %100eko jarraipena izan du lehen greba egunak

2023/11/20
Osakidetzak zuzenean kontratatutako langileen baldintzekin parekatzea exijitzen dute.

Sektoreko langileek hiru lurraldeetan modu masiboan urrian egindako grebak babestu ondoren, azaroan deitutako hiru grebetako aurreneko egunak jarraipen berdina izan du, %95 eta %100 artean, lurraldearen arabera. Beste behin ere, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu enpresak, sektoreko langileen greba eskubidea urratzen saiatzen.

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzak euren erantzukizuna saihesten jarraitzen dute azpikontratazioaren aldeko apustua eginez, eta langile gehienek aurrera eramaten ari diren borroka baketsutik arreta desbideratzen saiatzen dira. Sektoreko langileek aldarrikatu dute lan berdinari soldata berdina zor zaiola, eta osasun zerbitzu publiko eta funtsezko baten azpikontratazioarekin amaitu behar dela. Enpresei eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diete benetako negoziazio bati bide emateko, sektore osoak aldarrikatutako oinarrizko helburuak aintzat hartuta.