Iceta Legegaiari egindako aldaketak aurrerapausoa dira, baina ez dira nahikoa arlo publikoan diharduten 70.000 behin-behineko langile kontsolidatzeko

2021/11/12
Atzo Espainiako Gobernuak, EAJk eta ERCk akordioa itxi zuten zuzenketak egiteko behin-behineko enplegu publikoa murrizteko premiazko neurrien legegaiari (Iceta Legea), eta ELAren eskuetara iritsi den dokumentua irakurrita, honakoa esan nahi dugu:

Akordioak legegaiko hiru puntu nagusi aldatzen ditu:

  • Sei hilabetez luzatuko da 2. artikuluan aipatutako egonkortze prozesuetarako epea. Lehenago prozesuak 2021eko abenduaren 31rako onartuta egon behar zuten, eta deialdia eginda; orain epea 2022ko ekainaren 1ean amaituko da.
  • Bigarren artikuluan jasotako egonkortze prozesua aldatuko da oposizio fasean; oposizioa kanporatzailea zen lehen, eta orain oposizioa kanporatzailea ez izateko aukera dago.
  • Hiru xedapen gehigarri ezartzen dira (6.etik 8.era); hauetan aipatzen da aukera izango dela, salbuespen gisa eta behin bakarrik, meritu lehiaketa bat egiteko lanpostu jakin batzuentzat; hain zuzen “2.1 artikuluan finkatutako eskakizunak bete eta 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik etenik gabe aldi baterako kontratuz beteta” izan direnak.

Hiru aldaketa hauekin testua hobetu egingo da; ELAk egindako proposamenaren ildotik doaz, eta atzo Eusko Legebiltzarrean bozkatu zen legea nabarmen uzten dute; haatik, ez dira nahikoak, kontsolidatzeko aukerarik gabe uzten baititu milaka langile publiko. Izan ere, egiturazko lanpostuak izan arren, ez daude etenik gabe beteta, esaterako, osasungintzan eta hezkuntzan. Eremu horietan daude behin-behineko langile gehien, eta, beraz, neurri hori ez da eraginkorra. Hezkuntzan, bitarteko irakasleen izendapenak ikasturtearen amaiera bakoitzean eteten dira; eta osasunean, batzuetan lehenago.

Horrenbestez, Hego Euskal Herrian enplegu publikoaren egoera dramatikoa den honetan, ELAk eskatzen du legea behin betiko onartu baino lehenago honako aldaketak egin daitezela:

  • Gure herrian kontsolidazio-prozesu garantistak egiteko oztopo guztiak kendu.
  • Kontsolidazio-prozesu hauen deialdian aldi baterako langileek betetako egiturazko lanpostu guztiak sartu behar dira, izatez direnak baina formalki sortu gabe daudenak barne.
  • Kontsolidazio-prozesu hauek bideratu behar dira meritu garantisten lehiaketa bidez, zeinak kontsolidatzeko aukera emango dien aldi baterako enplegua pairatzen ari diren langile publikoei.
  • Lege-aldaketak prozesu guztiei aplikatzeko modukoak izan behar dira, hauek argitaratuta egon zein ez.
  • Mekanismo eragingarriak ezarri behar dira egungo argazkia berriro gerta ez dadin.

ELAk borrokan eta mobilizatzen jarraituko du aldi baterako enpleguaren izurria pairatzen duten 70.000tik gora langile publikoen kontsolidazioa lortu arte.