Igor Eizagirre Gizalanen idazkari nagusi izendatu dute zerbitzu publikoen defentsan oinarritutako kongresuan

2017/12/14
Gizalan federazioak bere kongresua egin du gaur Gasteizen, “GuztiONA Indarberritzen” lemapean. Zerbitzu publikoetako langileak antolatzen dituen federazioaren biltzar honetan 231 delegatuk hartu dute parte, gehienbat emakumeak. Igor Eizagirre izan da berriz ere aukeratua idazkari nagusi izateko. Bere hitzetan, erronka izugarri baten aurrean dago federazioa. "Eraso estruktural baten aurrean gaude, eraso ezberdinak izango ditugu langileon baldintzetan zein eskaini behar ditugun zerbitzuen kalitatean".

Une honetan Gizalan federazioak 33.000 afiliatu dtu, inoiz izan duen kopururik handiena. Bereziki emakumeezkoen artean eman da afiliazioaren gorakada. Hauteskunde sindikalen irakurketa egiterakoan, azpimarragarria da esatea zerbitzu publikoetan Hego Euskal Herriko lehen sindikatua dela ELA, %37ko ordezkaritzarekin.

Gizalanen helburuak, besteak beste, honako hauek izango dira: Iruñea eta Gasteizko gobernuek ezarritako murrizketen aurkako borroka, edota zerbitzu publikoak defendatzea, administrazioak garatzen ari diren pribatizazio politiken aurka. Halaber, enplegu publikoaren galera eta aldi baterako enpleguaren hedapena ere, datozen urteetan gainditu beharreko arazoak izango dira.

Igor Eizagirrek adierazi du negoziazio kolektiboa indarraren araberakoa izango dela. “Momentu honetan ez nituzke ahaztu nahi azken lau urteotan euren baldintzak hobetzeko edo mantentzeko borrokatu duten langile guztiak; zailtasunak zailtasun ez dago beste biderik”.

Bizkaiko zahar etxeetako langileen borroka eredu bilakatu da federazio honentzat, izan ere, sektore feminizatu batean lan-baldintza duinak lortzeko emakumeak izan dira protagonista.

Kongresuaren bukaeran delegatuek ELA-Gizalan federazioko egitura berria adostu dute. Bada, batzorde iraunkorra honako hauek osatuko dute: Miren Zubizarreta, Esther Saavedra, Eva Arrieta, Maitane Urbizu, Idoia Elustondo, Aintzane Orbegozo, Julio Fombellida, Joseba San Miguel eta Ekaitz Oiangurenek (%92,6ko babesa).

Arduradun politikoen ELArekiko “intolerantzia” kritikatu du Muñozek

Bere aldetik, ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz “Txiki”k arduradun politikoen zurikeria salatu du, “soldatak igotzea besteei gomendatzen diete; eta haiek, aldiz, kontrakoa egiten dute beren ardurapeko administrazioetan”. Are gehiago, Muñozek salaketa zehatz bat egin du: obra publikoaren eta lizitazioen esparruan gehiegikeriak eta miseria sozio-laborala areagotzen ari da.

Muñozek, gainera, arduradun politikoen ELArekiko “intolerantzia” kritikatu du. Horren haritik, gogoratu du bi aldiz eskatu diola bilera Urkullu lehendakariari, baina oraindik ez duela erantzunik jaso, Hego Euskal Herriko sindikatu nagusiko ordezkariak hartzeko. Jaurlaritzako beste sail batzuetan ere, Industria eta Herrizaingo Sailetan adibidez, berdin jokatzen dute, ez dute ELArekin bilerarik egiten. “Gogoko dituzten harreman bakarrak bezero-tankerakoak dira, eta ELA ez da horretan eroriko” ziurtatu du.

Azkenik, Adolfo Muñoz “Txiki” ELAko idazkari nagusiak adierazi du prekarietateari, soldata murrizketei eta emakumeenganako diskriminazioari aurre egiteko ezinbestekoa dela borroka. Era honetan, grebak beharrezkoak direla azpimarratu du. “Sindikatuek gauza berdinak esaten ditugu sarri askotan, baina desberdintasuna borrokarako neurrietan dago; hor kokatu behar da erresistentzia kutxaren zeregina”.