Ikastoletan sinatutako akordioak ez ditu lanpostuak bermatuko

2018/12/06
Ikastoletako patronalek (Partaide eta EIB) eta LAB sindikatuak sinatutako akordioarekin ez dira lanpostuak bermatuko, Akordioak ez ditu ikastoletako hainbat behar asetuko: irakasleen lan-kargak ez dira arinduko, eroste-ahalmena ez da berreskuratuko, eta kolektibo prekario eta feminizatuenen lan-baldintzak ez dira hobetuko. Azken hilabetetan hainbat negoziazio mahai izan ditugu ikastoletan, eta bilera hauetan guztietan patronalek mantendu duten planteamendua onartezina izan da; izan ere, langileen lan-baldintzatan funtsezko eragina duten eduki esanguratsuak negoziaziotik at geratu dira.

Ikastoletako Lan Hitzarmena orain dela 10 urtekoa da. Azken hamarkadan eta krisiaren aitzakiapean, ikastoletako langileen oinarrizko lan-baldintzetan nabaria izan da murrizketen eragina. 2010. urtean aplikatutako soldata murrizketak eragina izaten jarraitzen du. Izan ere, epaitegietan ere langileoi arrazoia eman ziguten arren, ez dago inon zehaztuta inoiz aplikatu behar ez zen murrizketa hura nola eta noiz itzuliko zaigun, ezta konfirmatuta ere eta itzuliko zaigunik.

10 urte hauetan ikastoletako langileen lan kargak nabari handitu dira, ordu osagarriak proiektu eta metodologia berrietarako eguneratzearekin betetzen dizkigutelako, lan pertsonalerako eta ikasleen jarraipenerako denborarik utzi gabe. Eroste-ahalmenaren galera akumulatua %10etik gorakoa da, hurrengo urteetan aurreikusten den jaiotze tasaren jaitsiera medio, lanpostuak galtzeko arriskua erreala da, eta urte hauetan ugaritzen joan diren Hezkuntza Laguntza Espezialisten eta Haur Hezkuntzako lehen zikloko langileen lan-baldintzetan aurrerapausorik ez da egon. Azpikontratazioa ere gero eta zabalduago dago, bereziki zerbitzuetan eta administrazioan. Lanbide Heziketan lantokiko ikasleen praktiken jarraipenerako eta desdobleetarako dagozkigun orduak ez dizkigute aitortzen.

Azken hilabetetan hainbat negoziazio mahai izan ditugu Ikastoletan. Eta ELArentzat bilera hauetan guztietan patronalek mantendu duten planteamendua onartezina da, ikastoletako langileen lan-baldintzetan funtsezko eragina duten eduki esanguratsuak negoziaziotik at uzteko planteamendua izan baita uneoro mantendu dutena.

Horrela, enplegua eta lanpostuak bermatzeko, eroste ahalmena berreskuratzeko, irakasleen lan kargak arintzeko, Lanbide Hezkiketako lanorduak arautzeko edota azpikontratazioari mugak jartzeko inolako planteamendurik ez dute mahai gainean jarri. Eta Hezkuntza Laguntza espezialisten eta 0-3 zikloko hezitzaileen lan-baldintzak hobetzeko neurri aipagarrienak erabat eskas geratzen dira (HLE: lanaldi erdia edo gehiago dutenentzat astean ordu osagarri bat eta lanaldi erdia baino gutxiago dutenentzat ordu erdi bat; eta 0-3 zikloko langileentzako urtean 20 ordu osagarri gehiago).

Eusko Jaurlaritzaren borondatearen baitako edukiak direla argudiatuz, gai hauen inguruko beto antzeko bat ezarri nahi izan dute, negoziazio mahaian gaudenok praktikan eduki hauen gainean negoziatzeko eta eragiteko ahalmenik ez dugula onartuz.

Ikastoletako langileen lan-baldintzetan eragina duten eduki guztiekiko negoziazio ahalmena izan beharko genuke mahai horretan ordezkaritza dugunok, bai patronala baita sindikatuok ere. Ezin da onartu funtsezkoak diren edukiak albo batera uztea eta patronalek aukeratutako gaietara mugatzea ustezko negoziazioa. Hau sindikatuok sektore honetan sobera gaudela onartzearen adinakoa litzateke, inolako eragiteko ahalmenik ez dugula eta negoziazio kolektiborako eskubiderik ez dagoela onartzea.

Sindikatuaren aburuz edukietan betorik gabeko negoziazio erreal baten alde langileak antolatzeko aukera bertan behera uztea suposatzen du baldintza hauetan akordioa sinatzeak.

Ikastoletako patronalek (Partaide eta EIB) eta LAB sindikatuak sinatutako akordioarekin ez dira lanpostuak bermatuko, ez irakasleen lan kargak arinduko, ez eroste-ahalmena berreskuratuko ez eta kolektibo prekario eta feminizatuenen lan baldintzak hobetuko ere. Horregatik erabaki du ELAk akordioa ez sinatzea.

Azkenik aipatu behar dugu ELAk saikerak egin dituela Ikastoletan ordezkaritza dugun sindikatuon artean, ELA eta LAB, egoera honi buelta eman ahal izateko mobilizazio dinamika bat abian jartzeko. Baina ez da posible izan, eta LABek patronalek egindako planteamendua ontzat eman eta legitimatzea erabaki du akordioa sinatuz.