Bizkaiko gizarte inklusiorako sistema berria: puzzlearen piezak bat ez datozenean
12/2008 Legeak gizarte-zerbitzuak eskubide subjektibo direla aitortu du. Hezkuntzaren eta osasunaren maila berean kokatu ditu. Erreklamatzeko modukoak dira bai administrazio-bidetik, bai auzibidetik.
185/2015 Dekretua. Zerbitzuak eta prestazioak eskuratzeko betekizunak, irizpideak eta prozedurak ezarri ditu. Eskubidearen nondik norakoa zehaztu du.
EAEko Gizarte Zerbitzuen 2016-2019 Plan Estrategikoa. Gizarte-zerbitzuen eredu bakarra ezarri du Euskadi osorako. Badakartza, halaber, zerbitzu-zorro bat eta mapa orokor bat, gutxieneko estaldurak emateko irizpideekin.
Zorroa. Lurralde historiko bakoitzean eskaini behar diren zerbitzu eta gutxieneko prestazioak ezarri ditu.
Mapa. Zerbitzuak eta prestazioak hurbiltasun-maila desberdinetan banatu ditu. Mapa orokorraz gain, lurralde bakoitzak berea prestatu behar du.
Eskumen-mailak. Herri-erakundeen artean banaturik daude: udaletan —lehen arreta, intentsitate baxua—, foru-aldundian —bigarren arreta, intentsitate ertain eta altua—, eta Eusko Jaurlaritzan. Udal-zerbitzuek eginkizun gehiago hartu dituzte berengain; aurrekontua, ordea, antzekoa izango da.
Egokitzen ez dena arriskuan geratuko da.
Enplegutik galduko da.
Gizarte-zerbitzuak eskubide subjektibo gisa onartu dira, eta sortu den sistema berriaren helburuak arretaren eta zerbitzuen homogeneotasuna eta deszentralizazioa dira. Sistema berriaren arabera pertsonari eman beharreko arreta ingurune hurbiletik eman behar zaio, komunitate-ikuspegi batetik, bizi-ibilbide pertsonalizatuak eginez eta zerbitzu integral eta profesionalizatuak emanez. Horraino dena ondo.
Baina arazoaren koska hemen dago: Bizkaiko gizarte-inklusioko sistema berriak dakartzan aldaketen ondorioz arriskuan jartzen dira arlo horretako erakundeak eta langileak. Deszentralizazioari dagokionez, Bilbon desinbertituko da, non orain arte zerbitzuen %80 biltzen baitziren, eta bide horretatik lanpostuak galduko dira. Gainera, deszentralizazio hori erakunde jakin batzuen bitartez gauzatzen ari da, eta bazter utzi dira funtsean hiriburuan ziharduten beste erakunde batzuk.
Hori gutxi balitz bezala, 2016ko amaieran izandako bilera batean Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi dio ELAri aurrerantzean ez duela finantzatuko eredu berrira egokitu gabeko erakunderik, diru-laguntzak kenduko dituela, diru-prestazioak murriztuko dituela, eta lankidetza-hitzarmenen kopurua 2018rako gutxituko duela, oraingo 84 hitzarmenetatik 34 soilik utziz.
Ikuspegi ilun horren aurrean, BFAk giroa baretu guran, bost “eguneko zentro” 2017an zehar inauguratuko dituela iragarri du, eta asteko zazpi egunetan irekita egongo direla. Azken datu horrekin ezkutatu nahi dute sektorean hainbat urtetatik hona galdu den enplegua, eta datozen hilabeteetan galduko dena. Ez alferrik BFAk berak esaten du badaudela erakundeak egokitu gabeko edo balio gabeko jarduerak dituztenak, eta aldiz eredu berrian prestaturiko profesionalak behar direla.
Maparen arabera plazak gutxituko dira
Abiapuntu gisa Eusko Jaurlaritzaren mapa orokorra hartzen badugu, lurralde historiko bakoitzak, 2016ko abenduaren 25erako, bere mapa egokitua prestatu eta jakinarazi beharko zuen. Hala ere, Bizkaiko mapa ez dago guztiz garaturik. Soilik eman dira jakitera zonakatzea eta 2017ko plaza eta zerbitzuen horniketa. Zonakatzea honela izango da: 4 sektore, 9 eskualde, 24 arlo eta 54 oinarrizko barruti. Mapa horren garapena udalen eta BFAaren eskumena da, baina koordinazioak ez du ematen ondo doanik. Hori horrela, Bigarren Arretaren Sareari dagokionez (BFAren eskumena), maparen arabera, 2017rako, 132 plaza galduko dira eguneko zentroetan, eta 45 plaza berri sortuko dira egoitza-zentroetan. Dena dela, gerora begirako joera eguneko zentroetako plazak ugaltzea izango da, egoitza-zentroetakoen kaltetan.

Bazterketa gutxiago eta enplegu gehiago
Arartekoak, bere azken txostenean, herri-erakundeen portaera salatu du, gizarte-langileekiko sostengu eta elkar-aditze faltagatik. Gainera, profesional horien kopurua ugaltzea eskatu du, gizarte-zerbitzuen kalitateari eusteko. Gure ustez sistema berria aukera paregabea da enplegu gehiago eta hobea sortzeko, eta inklusio-arloko eskari gorakorra konpontzeko, eta ez kontrakoa egiteko. Egoera honi irtenbide bat eman ezean, mobilizazio-deia egingo dugu sektorean eta gizarte osoan.