Irakaskuntza publikoko langileen manifestazio jendetsuak Bilbo, Donostia eta Gasteizen

2018/03/15
Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko zazpigarren greba egunak oso jarraipen zabala izan du: %75 irakasleen artean; %65 sukalde eta garbiketan; %60 Heziketa Berezian; eta %30 Haurreskoletan. Milaka langilek parte hartu dute eguerdian Donostia, Bilbo eta Gasteizen antolatutako manifestazioetan.

Langileek mobilizazioari eman dioten babesa ikusita, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza publikoko sektore guztietako aldarrikapenei erantzun ezean, greba eta mobilizazioei jarraipena ematea beste biderik ez digu utziko.

Unibertsitatez kanpoko Hezkuntza Publikoan ia 28.000 langile (irakasle, heziketa bereziko langile, sukaldari eta garbitzaile) eta Haurreskolak Partzuergoan 1.200dik gora langile zeuden deiturik gaurkoan grebara.

Martxoak 14 eta 15eko greba egunek oso jarraipen zabala izan dute kolektibo guztietan, nahiz eta apalagoa izan Haurreskolak Partzuergoan. Irakasleen %75ek eman dio babesa grebari; Sukaldari eta Garbitzaileen artean %65ek; Heziketa Berezian hezitzaileen %60k; eta Haurreskolak Partzuergoan hezitzaile eta langileen %30ak.

Bi egun hauetan hezkuntza publikoko sektore ezberdinetako langileen gehiengo zabalak argi erakutsi du Jaurlaritzaren proposamenak ez dituztela nahikotzat jotzen, ez diotelako hezkuntza publikoko sektore bakoitzak dituen arazo larrienei erantzuten, ezta aplikatutako murrizketak atzera botatzen ere.

Bi greba egun hauen ondoren Jaurlaritzak Hezkuntza publikoko lau sektoreetan gure aldarrikapenei erantzungo dioten neurriak hartzeko aldarria entzun eta erantzun ezean mobilizioaren bideari eutsi beste biderik ez digu utziko beste behin ere.