Itzarriren murrizketaren aurkako borrokarekin jarraituko du ELAk

Urte hauetan administrazioak sistematikoki ez du bete langileei emandako hitza, hain zuzen urtean Itzarrira soldataren %3aren ekarpena egiteko konpromisoa. Horrela, pandemiaren kudeaketan langile publikoak dena ematen ari diren bitartean Eusko Jaurlaritzak murrizketa-politikari eusteko borondate irmoa erakusten du, eta bere langileen kontura diru publikoa aurrezten ari da.
Eusko Jaurlaritza murrizketa honi buruz izaten ari den jokabidea oso larria da, izan ere, EAJk berak sartu zuen zuzenketa 2014ko Estatuko Aurrekontu Orokorretan pentsio-planetara ekarpenak egiteko debekua altxa zedin. Areago, Itzarrin ekarpenak egitea ukatzen dituzten alderdiak (EAJ eta PSE) toki- eta foru-administrazioaren BGAEan, Elkarkidetzan, ekarpenak egiten ari direnean.
Hori dela eta, ELAk auzibideari ekiteko erabakia hartu zuen, eta Auzitegi Goreneraino eraman du erabaki hori, Eusko Jaurlaritzaren mendeko langile guztientzako %3ko ekarpenak eskatuz, 2014ko urtarrilaren 1az geroztik, egun horretan kendu baitzen pentsio-planei ekarpenak egiteko debekua Madrilen.
ELAk hasitako bide juridikoari jarraituz, kasazioan errekurritu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren ezespen-epaia Auzitegi Gorenean; Auzitegi Gorenak errekurtso hori aztertzea onartu zuen, baina orain, komunikabideeen arabera, antza ezetsi egin du, ELAn ez baitaukagu oraindik sententziaren berririk.
ELAk azpimarratu nahi du murrizketa honen leheneratzea lortzeko borrokatzen jarraituko duela, kaltetutako esparru guztietan, eskura dituen tresna guztiekin.
ELAk dei egiten die murrizketa honek kaltetutako langile guztiei beren eskubideen alde mobiliza daitezen, baita murrizketa guztiak kentzearen alde.