Greba UPV/EHU
Jarduera akademikoa ia guztiz etetea lortu dute

Greba horren bidez, irakasle eta ikertzaileek UPV/EHUko zuzendaritzari eskatu diote norabidea aldatzeko, aldebakartasuna alde batera uzteko eta bertan behera uzteko langileei kalte egiten dieten neurriak. "Unibertsitateko bikaintasunaz eta Shanghaiko rankingaz hitz egiten badute ere, ezin da kalitatezko unibertsitatea garatu lan baldintza onik gabe", diote. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote UPV/EHUra baliabide nahikoak bideratzeko eta langileen soldatak hobetzeko.
Irakasleen bajak eta baimenak lanaldi partzialeko irakasleen bidez 800 euroko soldatekin betetzea izan da grebara deitzeko pizgarria. Baina ez da arrazoi bakarra izan. Sindikatuek gogorarazi dute azken urteotan okerrera egin dutela UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileen lan-baldintzek: lan karga handitzea; aldi baterako irakasle eta ikertzaileei ikerketa seiurtekoak ukatzea; irakaskuntzako bosturtekoak ukatzea lanaldi partzialeko irakasleei; langile askoren ezegonkortasuna; ikertzaileen prekaritatea; ikerketa karreraren garapena oztopatzea; erretiro akordioak bertan behera uztea; campusaren aldebakarreko itxierak; burokrazia handitzea... "Alde bakarrez ezarri dituzte neurri horiek, sindikatuekin negoziatu gabe", deitoratu dute.
Horri gehitu behar zaizkio urteetan zehar izandako erosteko ahalmenaren galera metatua, 2006tik aurrerako osagarrien izoztea, lanaldi partzialeko ordezko irakasleentzako soldata baxuak ezartzen dituen 41/2008 Dekretua sortu eta mantentzea, edota unibertsitateko irakasle-ikertzaileen oinarrizko soldatak hezkuntza ez unibertsitarioenak baino baxuagoak izatea (unibertsitatean lanpostu iraunkorra lortzeko doktorea izatea beharrezkoa bada ere). Egoera horiek guztiak Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna dira. Era berean, sindikatuek uste dute UPV/EHUra bideratutako inbertsioa ez dela nahikoa. 2022an EAEko BPGren % 0,4 izan zen, duela hamarkada batekoa baino kopuru txikiagoa, eta oso urrun USLO legeak 2030erako helburutzat proposatzen duen BPGren % 1etik.
Gauzak horrela, lan baldintzak hobetzeko mobilizatzen jarraituko dutela adierazi dute sindikatuek. Ildo horretan, urriaren 25erako sektore publiko osoan deitutako grebarekin bat egiteko deia egin dute.