ASPACE BIZKAIA

Jarraipen arrakastatsua izan du seigarren greba egunak

2023/09/28
ASPACE Bizkaiko langileak kalera atera dira berriro, 2019tik soldata izoztuta dutela eta erosteko ahalmena %21 galdu dutela salatzeko. Beste greba egun batera deitu dute: Urriaren 5erako.

ASPACE BIZKAIAk garun paralisia duten pertsonei arreta eskaintzen die, Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako lankidetza hitzarmenen bidez. 2019an amaitu zen hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko 11 negoziazio bilera eta 5 greba egun egin ondoren, lan-hitzarmenak berritu gabe jarraitzen du.

Nahiz eta ezarritako gutxieneko zerbitzuak %80tik %100era bitartekoak izan diren, goizeko lehen orduan grebalariek ASPACEk Bizkaian dituen zentro guztiak bisitatu dituzte pankartak eta kartelak jartzeko eta familiek eta erabiltzaileek euren aldarrikapenak bertatik bertara ezagutzeko. Ondoren, elkarretaratzea egin dute ASPACEren egoitzaren aurrean, eta 10:30ean manifestazioa egin dute Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saileraino. Bertan, Amaia Antxustegi diputatuari bilera egiteko eskaera egin diote.

Manifestazioan, langileek aldarrikatu dute erosteko ahalmena berreskuratzea (2019tik soldata izoztuta dute), prekarietatearekin amaitzea, hitzarmena betetzen dela bermatzea eta KPItik gorako soldata igoerak izatea. Langileek argi dute mobilizazioa funtsezkoa dela lan-baldintzak defendatzeko eta beste greba egun bat deitu dute urriaren 5ean.