GIZARTE EKIMENEKO IKASTETXEAK

Zortzi greba egun deitu dituzte

2023/09/28
Grebak urriaren 17, 18 eta 19an eta abenduaren 11tik 15era deitu dituzte. Lan Hitzarmenaren negoziaketa dute helburu. Apirilaren 25ean egindako grebatik 5 hilabete igaro diren arren, sindikatuek salatu dute patronalek negoziazioa blokeatuta izaten jarraitzen dutela.

Apirilaren 25eko greba egunaren ostean, patronalek immobilismoan errotuta jarraitzen dute. Bost hilabete igaro dira greba egun hartatik eta sindikatuek ez dute euren berririk izan. Greba aurretik bidali zieten negoziaketa eskaerari ere muzin egin diete.

Hori horrela, eta ikasturte amaieran adierazi zuten bezala, sindikatuek greba eta mobilizazio dinamika indartzea beste aukerarik ez dute izan Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek edukizko proposamenak mahai gainean jar ditzaten. Horregatik, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileak 8 greba egunetara deitu dituzte. Grebak Urriaren 17tik 19ra eta Abenduaren 11tik 15era izango dira.

Greba egun horien ostean Lan Hitzarmena sinatzeko balizko edukirik ez badago, urtarrilean greba dinamika indartuko dute. Hori horrela, ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei negoziaketari ekiteko galdegin diete. Eusko Jaurlaritzak ere badu zeresanik. Horregatik, hain zuzen ere, Hezkuntza Sailari biltzeko eskaera egingo diotela iragarri dute, blokeo egoeraren berri emateko.

Lan hitzarmen berriaren negoziaketa prozesuan 13 negoziazio bilera egin ziren. 2022Ko maiatzean hasi ziren bilerak eta azkena 2023ko otsailaren 2koa izan zen. Bilera hura hurrengo mahai baterako datarik gabe amaitu zen. Izan ere, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek oso argi adierazi zuten ez zutela edukien inguruko proposamenik egingo. Negoziaketen blokeo horren aurrean, sindikatuek apirilaren 25ean greba egun bat deitu zuten.

Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan ditugu sindikatuek.

SINDIKATUEN ALDARRIKAPENAK