Jarraipen zabala Bizkaiko Etxez Etxeko gabonetako laugarren greba egunean

2018/12/26
Abenduaren 24an greba deialdi berriari ekin ziotenetik Bizkaiko Etxez Etxeko langileen hirugarren greba egun arrakastatsua izan da. ELA, LAB eta UGTk deituta, grebak jarraipen zabala izan du, langileen grebarako eskubidea murrizteko ahaleginak handiak izan badira ere.

Manifestazioan abiatu dira grebalariak, EUDELeko Bilboko egoitzaraino; bertan interpelazio zuzena egin diote Euskadiko Udalen Elkarteari; baita dokumentu bat helarazi ere. EUDELi igorritako dokumentuan azaldu bezala, “helburua baldin bada zerbitzu sozialen sistema Bizkaian arreta eskaintzen duen eta ondo egituratuta dagoen sare publikoa izatea, erantzukizun publikoa, ekitatea eta unibertsalitatea oinarrian izango dituen sare publikoa, hain zuzen, bide okerretik goaz. Izan ere, gaur egun, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua urrun dago zaintza sistema publikoaren oinarri izatetik, ezerezean uzten ari baitira arduradun politikoak. Horren erakusle da gero eta ordu gutxiagoz eskaintzen dela zerbitzua Bizkaian. Ondorioz, zerbitzu horren beharra duten pertsona askori ez zaie behar bezalako zerbitzua eskaintzen; enplegua suntsitzen ari dira eta langileen lan baldintzak okertuz doaz. Horrek ondorio larria dakar: zerbitzuaren kalitatea bera okerrera doa.

ELA, LAB eta UGTk deituta, zortzi greba egun egin dituzte urritik hona, gaurkoa barne. Gogoratu, gabonetarako deialdi berria egin zutela, greba abenduaren 31 arte luzatuz. Oraingoan ere jarraipen oso zabala izan du grebak, nahiz eta gutxieneko zerbitzuen ondorioz, langile askoren grebarako oinarrizko eskubidea urratua izan den. Orain arteko grebetan bezala, oraingoan ere grebarako eskubidea urratu beste helbururik ez duten neurriz kanpoko zerbitzu minimoak salatu nahi ditugu.