Jarraipen zabala Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntzaren sektoreko ikasturteko lehen mobilizazio egunean

2019/11/04
ELA, LAB, UGT eta USO sindikatuek deituta Bizkaiko Etxez Etxeko sektoreko langileek ikasturteko lehen mobilizazioa egin dute: lau orduko lanuztea, 07:00tatik 11:00ak arte. Azaroak 5erako egun osoko greba dago deituta. Langileen gehiengo oso zabal batek bat egin du deialdiarekin.

Gutxieneko zerbitzu neurrigabeak gorabehera –ia langile guztiek zerbitzuren bat egin behar izan dute–, etxez etxeko laguntzaileak berriro ere kalera itzuli dira. Iragan ikasturtean 27 greba egun egin zituzten, eta duela bi ikasturte lanuzteak 10 egunetakoak izan ziren. Hala ere, patronalen eta erakundeen jarrera ikusirik, mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute.

Langileek oinarrizko lan-aldarrikapenak eskatzen dituzte: soldata-igoerak, 7 urtez soldatak izoztuak izan ondoren; segurtasun eta osasun arloko neurriak, gaur egun ez daudenak; eta lanaldien malgutasunari mugak jartzea, gaur egun oso zaila baita bizitza pertsonala eta lan-bizitza uztartzea.

Aldarrikatzen dutena ez da mugatzen, ordea, lan hobekuntzetara, zerbitzua bera defendatzeko daude kalean. Biztanleriaren zahartze egoera batean zerbitzua indartu egin beharko litzateke, baina kontrakoa gertatzen ari da. Urtez urte, zerbitzu-ordu globalak gutxitzen aritu dira, egiten diren mendetasun-ebaluazioak ez dira errealistak eta ordu eta erdi edo biko zerbitzuak ematen genituenean, gaur egun ordubetean egiten ditugu. Azken batean, behar handiagoak dituzten pertsonak denbora gutxiagoan eta baliabide teknikorik gabe kasu gehienetan artatzen ari dira.

Horren atzean, zerbitzuaren kalitatea okertzeko batzuen erabaki politikoa dago. Azken finean, murrizketez ari gara. Egunero kamuflatuta ikusten ditugun murrizketa hauek, azken finean, eremu pribatura itzuli nahi dituzte zaintzak.

Irailean amaitutako azken negoziazio mahaietan patronalek ez zuten edukirik mahai gainean jarri, ez segurtasunean eta osasunean, ez malgutasuna mugatzean, ezta soldata igoeretan ere. Proposamen erabat arduragabea. 7 urtez ordainsariak bere horretan, eta soldata igoerarik gabeko hitzarmena proposatzen dute!

Udalak dira zerbitzuaren bermatzaileak, eta bazterrean mantentzeko hautua egin dute, izandako bilerak, interpelazioak eta mozioak gorabehera. Mozioak, bide batez, Bizkaiko udal nagusietan onartuak eta bete gabeak. Antza denez, etxez etxeko laguntza azpikontratatzeak zerbitzuaz ez arduratzea esan nahi du.

Lanuzte honekin langileek berriro erakutsi dute kalean ez direla konformatuko euren lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea murrizten ikustearekin. Langileek adierazi dutenez, jakitun dira sektore feminizatua denez, zaintza-lanetan aritzen denez eta prekarietate-elementuak dituenez, ez dela erraza izango hitzarmen berri bat lortzea. Dagoeneko lau urte dira aurrekoa berritu gabe dagoela. Baina mahai gainean eduki duinak ez dauden bitartean, mobilizazioekin jarraituko dutela ziurtatu dute.