Jarraipen zabala IMQ Análisis Clínicos enpresan lehen greba egunean

2021/12/23
ELAk eta LABek deituta, hiru eguneko grebari ekin diote abenduaren 23an IMQ Análisis Clínicos taldeko langileek. Izan ere, zuzendaritzak ez ditu lan baldintza duinak ezarri nahi, eta bi hamarkada baino gehiago daramatza beharginei Langileen Estatutua aplikatzen. Egoera hori duintzeko mobilizatzea erabaki dute langileek. Lehen egunak jarraipen zabala izan du; gutxienez hamar langileetatik zazpik bat egin dute deialdiarekin.

IMQ Análisis Clínicos enpresa IMQ taldearen esku dago, eta akziodun nagusia Vicente San Sebastian klinika da. 100 lagunek osatzen dute lantaldea, eta Bizkaian 30etik gora lantokitan analisi klinikoak egiten dituzte, laginak bildu, aitatasun frogak, PCRak… Lan hitzarmenik gabe 20 urtetik gora daramate: prekaritatea, lanaldi partzialeko kontratuak, 1.800 orduko lanaldia eta 1.200 euro ere egiten ez duten soldatak…

Hori guztia pairatzen ari direla salatzeko, IMQ Análisis Clínicoseko enpresa batzordeak, hainbat protesten ondotik, greba egitea erabaki du abenduaren 23, 24 eta 27an. Enpresako hitzarmena negoziatzen urtebete eman ondoren, enpresak ez ditu lan baldintza duinak ezarri nahi, nahiz eta azken urteetako ekitaldietan milioiak irabazi dituen. Eskaintzen dituen soldata eta lan baldintzak Bizkaiko sektore bereko beste enpresa batzuetakoak baino askoz kaskarragoak dira: urtean 132 ordu gehiago lan egin eta soldata %33 apalagoa da.

IMQ Análisis Clínicos enpresa oso errentagarria da. Etekinak gero eta handiagoak dira: hiru urtetan metatu den etekin garbia 4,1 milioi euro izan dira. Haatik, enpresak langileen prekaritatea iraunarazi nahi du, duintasunez bizitzeko baldintzak ukatuz. Beharginei oinarrizko eskubideak ez dizkie aitortu nahi: antzinatasuna, gaixotasun arruntagatik IT osagarriak edo aparteko orduen osagarria...

Hiru greba egun hauetan gain, beste urrats batzuetarako ere prest dago enpresa batzordea, zuzendaritza tematzen bada lan baldintza duinik ez aitortzeko jarreran.