Jarraipen zabala izan du Gipuzkoako zahar-etxeetako lehen greba egunak

ELAk salatu du negoziazioak hasi zirenetik patronalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak beren proposamena disimulurik gabe jakinarazi dutela: enpresa-hitzarmena duten langileen soldatak izoztea; eskubide sozialak kentzea (hobekuntzak dituzten langileak zigortuz); enpresa-hitzarmenak indargabetzea (hori baita erreforma aurkako klausulak bermatu daitezkeen esparru bakarra); eta hainbat eta hainbat egoitzatan dauden hobekuntzak desagertzea, alegia, 2005-2008 abiapuntu hartzea nahi dute, egungo zaintza sistema jasangarria ez dela argudiatuz.
Akordio berrien abiapuntua enpresa-hitzarmenetan dituzten baldintzak errespetatu behar ditu, eta soldata-hobekuntza nabarmenak ekarri behar ditu (kaleak garbitzen dituzten gizonezkoek baino %30 gutxiago kobratzen dute), eta hurrengo urteetan prekarietateari aurre egiteko lan-baldintzak onartu behar ditu (20 minutuko atsedenaldi ordaindua, ratioak, plusak -antzinatasun, igande, jai-egun, gaueko...- dezente hobetu, bikoizketak kendu).
Hona hemen Gipuzkoako erresidentzietako greba egunak:
- Irailak 28.
- Urriak 24-25-26.
- Azaroak 26-27-28-29-30.
- Abenduak 24tik 31 arte.