COLISEE-MIÑANO EGOITZA (GASTEIZ)

Jarraipen zabala izan du grebak

2024/06/24
ELAk oso positibotzat jo ditu ekainaren 17ko eta 20ko lanuzteak eta gaurko, ekainaren 24ko greba eguna. Gasteizko Coliseé Miñanoko langileak borrokan daude jasaten ari diren baldintza eskasak hobetzeko eta egoiliarren arreta eta bizitza kalitatea hobetzeko.

Enpresak soldatak hobetuko zituela agindu zuen, erresidentziaren eta Aldundiaren arteko II. Hitzarmen Markoa sinatu ondoren. Horrek hobekuntza nabarmena ekarriko zien gerokulturei, baina enpresak ez ditu soldatak handitu, eta plantillaren zenbait plus murriztu ditu. Erresidentziako egoliarrei, aldiz, % 6-10 igo zaie kuota, egin ez duten langileen soldata hobekuntza argudiatuta.

Gogora dezagun langileek LGSren azpitik kobratzen jarraitzen dutela, kontziliaziorako arazoak dituztela gehiegizko lanaldien ondorioz, laneko osasunaren prebentzio eza dutela eta, ondorioz, egoiliarren zaintza ez dela beharko lukeena.

Prekaritatearekin amaitzeko asmoz,  lehen enpresa hitzarmena negoziatzea eskatzen du ELAk, Estatuko zahar egoitzen eta etxebizitza komunitarioen hitzarmenak dakarren prekarietatearekin amaitzeko. Bien bitartean, mobilizazio eta greba deialdi gehiago iragarriko ditu laster.