ARABAKO ERRESIDENTZIAK ETA ETXEBIZITZA KOMUNITARIOAK
Jarraipen zabala izan du grebaren laugarren egunak, gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri diren arren
ELA eta LAB sindikatu deitzaileek grebari buruzko balorazio positiboa egin dute. Izan ere, 36 greba egunen ondoren eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan arren, sektoreko langileak kalera ateratzen jarraitzen dute. Gainera, zahar egoitzen sektore prekarizatuan, migratua eta feminizatua, balorazioak kuantitatibotik harago joan behar dira. Aurreko ekainaren 28an izan zen azken negoziazio mahaia, inolako aurrerapausorik gabekoa. ELAk eta LABek adierazi dute patronalaren proposamena ez dela nahikoa eta sektoreko langileak prekarietatean betikotzea bilatzen duela.
Greba jardunaldi honetan, azken deialdietan bezala, pentsiodunen mugimenduaren, senideen eta mugimendu feministaren babesa izan dute langileek. Gatazka hau lan esparruko gatazka izateaz gain, soziala eta politikoa ere badelako. Goizeko 11: 00etan kalejira bat egin da, Aldundian amaituta. Arratsaldean, manifestazioa egingo da. Babesgabeen plazatik abiatuta, 18:00ean, ibilbidea Diputazio plazaraino izango da, eta bertan ekitaldi txiki bat egingo da.