Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua
Patronalak eta udalak jomugan, lehen greba egunean
2023/02/13

ELAk aste honetarako Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan deitutako bost greba egunetako lehenean -otsailaren 17ra arte egongo dira greban-, langileek salatu dute patronalek, udalek, mankomunitateek eta EUDELek zerbitzua prekarizatzen jarraitzen dutela. ELAren ustez, onartezina da udalek patronalen blokeoa onartzea, diru publikoa jasotzen jarraitzen duten bitartean. Langileek 70 egun baino gehiago daramatzate greban eta hitzarmenik gabe daude orain dela zortzi urte. Bada, langileen erosahalmenaren galera %11,20tik gorakoa da. Gaur, otsailak 13, txanda berriko lehenen greba egunean, elkarretaratzea egin dute Galdakaoko udaletxearen aurrean. Jarraipena %90ekoa izan da.
Langileek oinarrizko hobekuntzak aldarrikatzen dituzte lan baldintzetan eta zerbitzuaren kalitatean: egonkortasuna enpleguan (lanaldi osoko kontratuak eta mugagabeak...); hobekuntzak kontziliazioan (lizentziak, zerbitzuak multzokatzea...); eta zerbitzu orduak areagotzea, gutxienez lan egindako ordu bat zenbatuz, iraupena laburragoa izan ala ez. Neurri horiek guztiak negoziazio mahaian daude, baina patronalek ez dituzte aintzat hartu nahi.
Bihar, otsailak 14, langileek manifestazioa egingo dute Lagunduz enpresatik (Villa de Plentzia - Getxo), 11:30ean, Urgatzi enpresatik igarota, Portugaleteraino.