ELAk mobilizazio berriak egingo ditu Hezkuntzan irakasleen mahaian Jaurlaritzak langileen aldarrikapenei muzin egiten badie

2018/05/03
ELAn argi daukagu ikasturtea mobilizaziorik gabe amaitu nahi duela Jaurlaritzak, gure aldarrikapenei erantzun gabe edo oso partzialki erantzunda; mobilizazioa neutralizatzeko estrategia argia du, ez, ordea, negoziatzeko borondaterik.

Maiatzaren 4rako Hezkuntzan deitutako mahaian gure aldarrikapenek erantzunik gabe jarraituko balute, ELAk mobilizazioarekin jarraitzearen alde egingo luke.

EAJk, PPk eta PSEk murrizketa politika gogorrak inposatu dituzte zerbitzu publikoetan azken hamarkadan, baita hezkuntza publikoan ere. Negoziazio kolektiborako eskubidea ere nabarmen urratu da. Ondorio zuzenenak honako hauek izan dira: plantilak murriztea; lan-kargak handitzea; hezkuntzako langileon prekarizazioa; ikastetxeetarako baliabide eskasia; azpiegituren kaskartzea; eta zerbitzu publikoen okertze eta pribatizazioa.

7 greba egun gauzatu ditugu jadanik hezkuntza publikoko irakasleok, azkenak martxoak 14 eta 15ean. Mobilizazio hauei esker Jaurlaritza behartu dugu bere jarrera immobilistatik ateratzera eta mahai gainean proposamen batzuk jartzera.

Mahaia deitzeko greba bezperara arte itxaron izana salagarria da. Hala ere, apirilak 23ko asterako sindikatuok deituta geneukan irakasleen greba atzeratu egin genuen, Hezkuntza Sailak apirilak 18rako mahaia deitu baitzuen. Mahai hartan gure aldarrikapenek erantzunik izan ezean maiatzean mobilizazioekin jarraituko genuela adierazi genuen orduan.

Sindikatuok argi eta garbi plazaratu izan ditugu zeintzuk diren kolektibo honi begirako gure aldarrikapen eta proposamenak. Halere, apirilak 18ko mahaian Jaurlaritzak aurkeztutako proposamena aldarrikapen hauetatik urrun dago oraindik ere. Hauek gure aldarrikapenak:

  • Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Publikoan egiten duen inbertsioa nabarmen handitzea. EAEko hezkuntza inbertsio publikoa egungo BPGren %3,5etik gutxienez Europar Batasuneko batez bestekoa ezarriz eta progresiboki UNESCOk gutxienekotzat jotzen duen %6ra iritsi arte.

  • Azken urteetan eman den matrikulazio igoerari, lan-kargen handitzeari eta ikastetxeen beharrizanei aurre egiteko plantilak gutxienez 1.800 irakasletan handitzea.

  • Egun irakasle funtzionarioetan %38koa den behin-behinekotasuna %6ra murriztu, urteetan behin-behinean egon diren langileak egonkortuz.

  • Ikasle-ratioak %10 murriztea.

  • Soldata murrizketa eta %15 murriztu den eros-ahalmena berreskuratzea.

  • Gehienetan astebetera atzeratzen diren ordezkapenak lehen egunetik egitea kidego eta maila guztietan.

  • Bajak zigortzeari utzi eta lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.

  • Erretiroa errazteko eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.

  • LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.

  • Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak eta segregazio egoerak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).

  • Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko euskarazko murgiltze eredua garatzea.

  • Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea. Euskal Herritarrok erabaki behar dugu zein izan behar den gure hezkuntza sistema, betiere, gure errealitate eta beharren arabera egokitutakoa. Horretarako hezkuntza burujabetza ezinbestekoa dugu.