SEKTORE PUBLIKOKO MAHAI OROKORRA

Jaurlaritzak ez ditu hobetu nahi bere menpe dauden 115.000 langileen lan baldintzak

2026/07/21
Jaurlaritzak ez ditu hobetu nahi bere menpe dauden 115.000 langileen lan baldintzak
Eusko Jaurlaritzak uko egin dio asteko lanaldian, enpleguan, soldatetan, gazteberritze neurritan, lan osasunean edota euskara alorrean ELAk egindako proposamenak negoziatzeari eta hobetzeari. Gauzak horrela, udazkenera begira, greba eta mobilizazioak aktibatzen saiatuko da sindikatua,mahai gainean jarritako aldarrikapenak lortzeko.

Gaur, uztailak 21, Eusko Jaurlaritzako 115.000 langileen lan baldintzak negoziatzen dituen Mahai orokorraren bilera egin da Gasteizen. Kritiko agertu da ELA bilerarekin. “Beste behin ere, argi geratu da Mahai orokorra ez dela langileen lan baldintzen negoziaketarako esparru bat, baizik eta Eusko jaurlaritzak bere menpeko langileen lan baldintzak erabakitzeko eskumenei muzin egiten dion esparrua”, dio.

Izan ere, asteko lanaldian, soldatetan, enpleguan, lan osasunean, plantillak gazteberritzeko edo eta euskara gaien inguruan egindako proposamenak negoziatzera uko egin dio Jaurlatitzak. Soilik agertu du borondatea erretiro partziala eta errelebo kontratuan Estatutik eratorritako neurriak betetzeko.

Pradalesen Gobernuak ezezko borobila eman dio 32 orduko lan asteari. Sindikatuaren ustez, horrek zerbitzuaren kalitatea hobetuko luke, enplegu publikoa sortuko luke, zaintza beharrei lehentasuna emango lieke eta lan eta bizi baldintzak hobetuko lituzke.

Enpleguari dagokionez, EAEko administrazioan gehiegizko behin-behinekotasunari aurre egiteko neurriak exijitu ditu ELAk eta gogora ekarri du Espainiako Estatuko tasarik altuena duela. Sindikatuak salatu du Eusko Jaurlaritzak Estatuaren bizkar utzi duela arazoa, baina bere esku dagoela egoera iraultzea eta horretarako ezinbestean Estatu Espainiarrarekin birjarpen tasen desagerpena adostu behar duela.

Mahai gainean jarri du ere galdutako erosahalmenaren galera berreskuratzeko proposamena, hain zuzen ere 2022-2026an Eusko Jaurlaritzako langileak pairatu duten % 8 ko galera berreskuratzea. ELAren ustez, onartezina da Eusko jaurlaritzaren 2025eko aurrekontua 810 millio euroko superabitakin amaitzen den bitartean, langileen pobretze prozesua etenik ez izatea. Puntu honetan ere Eusko jaurlaritzak ezezkoa adierazi du.

Eusko jaurlaritzako esparru guztietan, euskararen eta gaztelaniaren ezagupena parekatzeko proposamena aurkeztu du ELAk. Proposamenak hizkuntz-eskubideen aldeko apustua egiten du. Euskararen eta gaztelaniaren exigentzia parekatzeko proposamenak euskarari ez dakiten langileei denbora eta baliabideak eskaintzea barneratzen du. Jaurlaritzak formakuntza baliabide nahikoak jartzen dituela eta legea nola aplikatuko duen oraingoz ez dakiela erantzun du.

“Urteak dira Eusko Jaurlaritzak muzin egiten diela langile publikoen lan baldintzak erabakitzeko dituen eskumenei. Eusko Jaurlaritzari oso ondo datorkio Madrilen hartzen diren erabakien jarraitzaile sutsua izatea, langile publikoen pobretze eta prekarizazioan pausoak emateko eta bere ardurak ekiditeko”. 

Honekin batera ELA oso kezkatuta dago "Jaurlaritzak negoziazio-mahai legitimoekiko eta horietako bakoitzean indarrean dauden gehiengoekiko erakutsi duen errespetu faltarekin". Azpimarratu du gehiengo horiek plantillek hauteskunde sindikaletan adierazitako borondatearen ondorio direla. "Ez da onargarria mahaietatik kanpo erakunde sindikal jakin batzuekin negoziatzea, gainerakoak kanpo utzita, ezta indar sindikal jakin batzuei kolektibo jakin batzuen ordezkaritza esklusiboa aintzatestea ere", kexu da. Gainera, dio ELAk, gutxiengoan sinatzen diren akordioen aurrean gaude. "Gutxieneko printzipio demokratikoen eta askatasun sindikalerako eskubidearen urraketaren aurrean gaude", salatu du.

Egoera honen aurrean, eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera ikusita, ELA saiatuko da udazkenera begira greba eta mobilizazioak aktibatzen.