Jaurlaritzak gutxiengoa diren CCOO eta UGTrekin sinatu du langileek demokratikoki aukeratutako gehiengoari bizkarra emanez

2018/11/08
Jaurlaritzak, eremu politikoan berorrek defendatzen dituen joko-arau demokratikoei muzin eginez, bizkarra eman dio demokratikoki eremu publikoko langileek aukeratutako gehiengoari, eta gutxiengoarekin (CCOO eta UGTrekin) sinatu du akordioa, langileek egindako hautua errespetatu barik.

Azaroaren 8ko Mahai Orokorreko bileran, iragan ekainaren 6eko bileran errelebo-kontratuaz eta erretiro partzialaz egindako proposamen bera aurkeztu du Zearreta sailburuordeak, bilera hartan sindikatu guztiok ezezkoa eman genion arren.

Jaurlaritzaren proposamena Rajoyren bi pentsio-erreformetako lehenaren (5/2013 Errege Lege Dekretuan jasoa) aplikazio praktikoa da. Pentsio-erreforma horrek erretiro partzialeko adina atzeratzea ekarri zuen, 63 eta 65 urtera, arian-arian eta kotizaturiko urteen arabera. Eta, gainera, partzialki erretiraturiko langilearen lanaldia % 50eraino luzatzen du osoko erretiroa hartu arte.

Jaurlaritzaren ibilera antidemokratikoaz gainera, CCOOk eta UGTk babestutako proposamenak Rajoyren dekretua okertu egiten du; izan ere, langile finko izanda bakarrik ahalbidetzen du erretiro partziala hartzea.

ELAn berriz ere azpimarratu dugu berton bizi garenon pentsioak berton erabaki behar direla. Zentzu horretan, Euskal Administrazio Publikoan errelebo kontratua eta erretiro partzialerako proposamena luzatu dugu:

  • Euskal sektore publikoko langile guztiek izatea errelebo kontraturako edo erretiro partzialerako eskubidea (baita sozietate publikoak ere), baldintzak betetzen badituzte eta hala nahi izanez gero. Gainera, aurrekontuetan horretarako diru partida egoteak edo ez ezin dezake hori baldintzatu. Ildo beretik, ezin da langile finkoentzat bakarrik izan. 

  • Erreleboa hartzen duenak lanaldi osoko kontratua izatea eta lanpostu hori ez ezabatzea inondik inora.

  • Erretiro partziala hartzen duen pertsonaren laneko denbora efektiboa murrizteko neurri guztiak ikertzea (erretiro-primak...)

  • Eusko Jaurlaritzako funtzionarioek erretiratzeko adina aurreratzeko tresna eta formulak izatea, beti ere, lanpostuak suntsitu gabe.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzak baztertu du ELAk egindako proposamena, gaur egungo araudiak proposamen hori gauzatzeko aukera ematen badu ere, eta beste erakunde batzutan ELAk planteaturiko parametrotan oinarritutako akordioak sinatzen ari badira ere.

Gainera, bilera baino lehen, ELAk idatziz eskatu zuen Gobernuak gai-ordenean zenbait gai txertatzea, besteak beste honako hauek: galdutako erosahalmena berreskuratzea; murrizketen ondorioz galdutako eskubideak berreskuratzea (Itzarri, erretiro primak...); edo enplegu publikoaren egoera larria aztertzea. Izan ere, Gobernuak gehiengo sindikalarekin adostu beharko luke sektore publikoan beharrezkoak diren 30.000 lanposturen kontsolidazioa, beti ere, kalitatezkoak eta iraunkorrak izango diren lanpostuak.

Gobernuak, ordea, ohi bezala, uko egin dio gai horiek lantzeari.