Jaurlaritzak lana eta familia bateratzea debekatu die ZUZENEANeko langileei

2018/03/15
Eusko Jaurlaritzak banan-banan jakinarazi die ZUZENEAN INFORMAZIO ZERBITZUko langileei martxoaren 1etik aurrera ez dela malgutasunik izango lan-ordutegian. ZUZENEAN zerbitzua etengabe ematen da 08:00etatik 19:30ak arte, astelehenetik ostiralera, abuztuan izan ezik, orduan 14:30ak arte bakarrik. Hori dela-eta, lan-baldintzak, lanaldi eta ordutegiei dagokienez, desberdinak dira Administrazioko langileenen aldean. Hala ere, urte batzuetatik hona ordutegi malgutasuna erabilgarri daukate, lana eta familia bateratu ahal izateko, Jaurlaritzako beste langile guztiek bezala.

Alabaina, funtzionamendu egokiko urte batzuen ondoren, ordutegi-koordinazio arazo baten ondotik, Jaurlaritzak jakinarazi die langileei, aurrerantzean ez dutela ordutegi-malgutasun aukerarik izango, kasu oso jakinetan ez bada.

ELAtik onartezintzat salatu nahi dugu Jaurlaritzaren ekimena. Honek, langileen lan baldintzak eta eskubideak aldatzea ditu. Ordutegi koordinazio arazo bat konpontzeko, asministrazioak ez du kudeaketa konponbide bat proposatzen, inposatu nahi duena langileen lan baldintzetan murrizketak dira.

Horrela salatu dugu alorreko mahaiko bileran Salaketa hau, aurki burutuko den eta Lan Harremanetako Zuzendariak zuzentzen duen Berdintasun Batzorde Iraunkorrera eramango dugu era berean.

ELAren iritziz antzezkizunak dira Eusko Jaurlaritzaren propaganda (baimenak luzatuko dituela iragarriz, malgutasuna sustatu behar dela…) eta berdintasun-planak, baldin eta eguneroko bizimoduan lanaren eta familiaren kontziliaziorako eskubideari murrizketak eta urratzeak egiten badizkiote.

Bere garaian ELA izan zen Berdintasun Plana sinatu ez zuen sindikatu bakarra, plan baten ordez diagnostiko bat egiten zelako, eta benetako kontziliazioa egiteko neurriak, baliabideak eta ardurak ez zirelako zehazten. Zuzeneaneko langileei eragin nahi zaien kaltea da horren adibide.

Egoera bereoneratu ezean, beharrezkoak diren ekintza sindikalak eta juridikoak bultzatuko ditugu, ZUZENEANen lan egiten duten gizon eta emakumeen eskubideak babeste aldera.