Jaurlaritzaren eta UGTren akordioak lan eskala bikoitza ezarriko du espetxeetako langileen artean

Eusko Jaurlaritzak berak, espetxeak transferitzeko garaian aurreikuspenik izan ez zuelako prekarizatu ditu lan baldintzak eta administrazioak prekarizazio politikan sakontzen jarraitzen du, EAEko espetxeetako langile faltaren egiturazko arazoa konpontzen ez duen behin-behineko lan poltsak sortuz, baita soldaten eta lan baldintzen eskala bikoitza sortuz ere.
Azkenik, Jaurlaritzak lan poltsak sortuko ditu plantilla osatzeko, falta diren langileak kontratatzeko. Behin-behinekotasun gutxi zegoen eremu bakarrean, bat-bateko irtenbide horren bidez kontratatu nahi ditu langileak baldintza okerragoetan. Esaterako, lan berdinagatik soldataren aldea urtean 1.200 €-koa izan daiteke. Horrez gain, jaiegunen konpentsazioan galera bat jasango dute, eta horrek lanaldia 16 egun arte luzatuko die urteko lanaldian, eta ez zaie aitortuko 16 eta 21 atseden egun arteko baimen psikologikoa.
Horrela, Jaurlaritzak bigarren mailako langileak sortzen ditu, baina, gainera, behin-behinekotasuna areagotzen du.
Laguntzaileen kidegoko langileen lan poltsan sartzen direnek, ez dute berariazko prestakuntza teoriko eta praktikorik egingo jarduerari ekin aurretik. Jaurlaritzak jarduera praktiko presentzialeko 10 jardunaldi egiteko deialdia egingo die, baina horrek ez ditu espetxeetan lan egiteko kualifikatuko. ELAk salatu du prestakuntza hori ez dela nahikoa, eta arriskuan jartzen ditu langileen zein espetxean daudenen osotasun fisikoa eta psikologikoa.
Lan poltsa horietan sartzeko, Jaurlaritzak ez du euskara eskakizunik eskatzen, espetxe sistema euskalduntzeko prozesua are gehiago zailduz.
ELAk errefusatu egiten du Jaurlaritzaren asmoa, uste baitu lan bera egiten duten pertsonek lan baldintza berberak izan behar dituztela mota guztietako enpleguetan, espetxeetan barne. Langileen artean bi eskala sortzea onartezina da; eta argi dago azken helburua plantilla osoaren baldintzak okertzea dela. Langileak kontratatzea premiazkoa bada, ez dira zertan okertu behar plantillako lan baldintzak.
ELAk Jaurlaritza salatzen du euskal espetxeen kudeaketan erakutsitako arduragabekeriagatik. Aurreikus zitekeen egoera horren aurrean, bat-bateko konponbide horrek ekarriko dituen kalteez gain, espetxeetan gaur egun pairatzen ari diren beste egoera prekario batzuk ere gehitu behar dira: ekonomatoen hornikuntza eza, barnekoen janarien kalitateak okerrera egitea, espetxetik ateratzeko garraioa ez ordaintzea, etab.
ELAk Jaurlaritzari exijitzen dio berehala has dezala benetako negoziazioa, Euskal Espetxe Sistemaren antolaketa egitura ezartzeko, Espetxeen Euskal Ereduarekin bat datorren LPZ negoziatzeko eta benetako okupazio eta zerbitzu beharrei erantzuteko, lanpostu hutsak behin betiko betetzeko Enplegu Publikoaren Eskaintza egin ahal izateko. Hori guztia plantilla osoaren lan baldintzak gorantz berdintzen dituzten lanpostuen balorazioarekin.