BEHIN-BEHINEKOTASUNA
Justiziak arrazoia eman dio ELAri eta ebatzi du GUFEko aldi baterako kontratuak kalteatu dituen langile bat finkoa dela

Langileak salaketa jarri zuen ELArekin kaleratu zutenean, bitarteko kontratu batekin beste pertsona bat ordezkatzen ari zenean. Bada, epaitegiak adierazi du kaleratzea bidegabea izan zela, langile finkoa delako, eta, beraz, GUFE kondenatu du bi aukera eskainiz: langilea berriz onartu behar du edo 28.580 euroko kalte ordaina eman.
ELAk langilea berriz onartzeko eskatu dio GUFEri. Izan ere, zortzi urte baino gehiago eman ditu iruzurrezko kontratuekin lanean. Finkotasuna eta lanpostuan jarraitzea ezin da kalte-ordain batekin ordezkatu.
Epai garrantzitsua da, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2024ko otsailaren 22ko epaian finkotasunari buruz ezarritako irizpide berria aplikatzen baitu. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ezartzen duenez, estatuko zuzenbidean neurri egokirik ez dago sektore publikoan aldi baterako kontratazioaren abusua prebenitzeko eta zigortzeko, eta horren aurrean, kontratuak finko bihurtzea izan daiteke neurria.
Europako justiziak agerian utzi du ELAk salatutakoa eta sektore publikoan egindako greban aldarrikatutakoa: Iceta Legea ez da nahikoa, eta sektore publikoko behin-behinekotasun oso handiak onartezinak dira eta horiek jaisteko neurri eraginkorrak hartu behar dira, Administrazioen aldi baterako kontratazioaren gehiegizko erabilera jasaten duten milaka langileak egonkortuz. Horretarako, lege aldaketa bat egin behar da, aldi baterako milaka langileak finkatu ahal izateko, etorkizuna zalantzazko prozedura judizial baten mende utzi beharrik gabe.
ELAk berriz ere azpimarratu du hemen erabaki behar direla zerbitzu publikoko lanpostuak, eta behin-behinekotasuna % 8ra jaistea ahalbidetuko duten egonkortze prozesuak abian jarri behar direla.