Justiziak partzialki baliogabetu ditu Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuko greban ezarritako gutxieneko zerbitzuak

2022/07/27
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio ELAri, eta partzialki baliogabetu du Beti On Eusko Jaurlaritzako telelaguntza-zerbitzuaren greban ezarritako gutxieneko zerbitzuen agindua, ez dagoelako behar bezala justifikatuta. Salak dio, hitzez hitz, gutxieneko zerbitzuak arrazoirik gabe luzatu dituztela. 2022ko martxoaren 18an dekretatu zuen agindua lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak.

ELAk eta LABek, greba deitu dutenek, epailearen erabakia txalotu dute, eta gogorarazi dute Eusko Jaurlaritza langileen grebarako eskubidea murrizten ari zela. Izan ere, greban ezarritako gutxieneko zerbitzuak 6 teleoperadore izatetik 8 izatera igaro ziren goizeko eta arratsaldeko txandetan, txanda horietan ohiko zerbitzua 7koa zenean; eta gaueko txandan 2 izatetik 3ra igaro ziren, konparagarriak ziren aurreko gutxieneko zerbitzuen aginduekin alderatuta (2021eko urtarrilaren 22ko agindua). Hau da, gutxieneko zerbitzuak %50 gehitu ziren gaueko txandan eta %33 goizeko eta arratsaldeko txandetan, behar bezala justifikatu gabe. Eskaeran, ELAk salatu zuen grebak eraginik ez zuen aldietan zerbitzuak ematen dituen pertsona kopurua baino handiagoa zela zerbitzuaren estaldura.

Larrialdi zerbitzua (alarma deia) 7 teleoperadorerekin ematen bazen, goizeko zein arratsaldeko txandetan aurkeztutako koadranteetan ikus daitekeenez, grebak iraun duen bitartean, zerbitzua larrialdietako teleoperadoreen plantillaren % 100 baino gehiagorekin eman da.

Langileek 60 greba-egun dituzte eta abuztuan beste hilabete bat egingo dute, ELAk eta LABek deituta, benetako negoziazioa aktibatzeko eta lan-baldintzak hobetzeko.