basalan

Justiziak berriro behartu du Bizkaiko Foru Aldundiko enpresa langile bati antzinatasuna ordaintzera lehen kontratutik

2024/09/18
Laugarren aldiz, Auzitegiek arrazoia eman diete ELA, eta ebatzi dute Basalaneko langileei enpresan izandako urte guztiak aitortu behar zaizkiela, eta horrek sortutako antzinatasun plusa ordaindu. Basalan Bizkaiko Foru Aldundiaren enpresa publikoa da. 120 langile ditu, eta baso lurra mantentzeaz eta suteetako eta istripu klimatologikoetako larrialdi jarduerez arduratzen da.

Azken asteetan, antzinatasun plusaren inguruan desadostasunak izan dituzte zenbait langilerekin. Gauzak horrela, banakako akordioak lortzen saiatu da enpresa, beti ere, ordezkari sindikalak alde batera utzita.

“Lan eskubideak eta eskubide sindikala urratu dute, diru publikoa erabilita gainera, kanpoko zerbitzu juridikoaren (pribatuaren) mesedetan, hori baita onuradun bakarra", salatu du sindikatuak.

ELArentzat "tamalgarria" da Basalanen zuzendaritzak antzinatasunaren ordainketari buruzko desadostasun horiek konpontzeko erakutsi duen ezintasuna, eta "aurreko epaietan oinarrituta konpondu zitekeen gai bat judizializatzearekin duen egoskorkeria".

ELAk "antisindikaltzat" jo du zuzendaritzaren jarrera. Gauzak horrela, zuzendaritza berehala kargutik kentzeko eskatu dio Foru Aldundiari.