Kalean gera daitezkeen suhiltzaileei irtenbidea emateko eskatu die ELAk Gipuzkoako eta Arabako Aldundiei

2022/11/29
Asteburuan egin da Irunen Eusko Jaurlaritzak antolatutako suhiltzaileen LEP bateratuaren lehen azterketa, eta behin-behineko suhiltzaile asko kalean geratzeko arriskuan daude. Izan ere, orain arte plazak ateratzen dituen erakundeak antolatzen zituen proba horiek, baina lehen aldiz egin ditu Arkauti Akademiak suhiltzaileena. ELAk urteak daramatza salatzen Eusko Jaurlaritzak bultzatutako LEP bateratuaren ereduaren gabeziak eta arriskuak. Hasteko, suhiltzaileen probari dagokionez, Arabako eta Gipuzkoako behin-behineko langile suhiltzaile gehienek lanpostua gal dezakete, LEPko probak, psikoteknikoak esaterako, suhiltzaileen eguneroko lanarekin inongo zerikusirik ez daukatenak izan direlako. Bestalde, ELAk salatu nahi du Arkautek probak euskaraz egin nahi izan dituzten pertsonen hizkuntza eskubideak urratu dituela. Zehazkiago, ahozko proba psikoteknikoa ezin izan da euskaraz egin, Arkautek ez dituelako horretarako behar diren baliabideak jarri.

Udaltzaingoan jada hedatuta dagoen eredua da lan poltsa bateratuarena. ELAk uste du eredu hori behar denaretik urrun egoteaz gain, behin-behinekotasuna eta prekarietatea alde egiten duela, eta ez behin-behinekoen kontsolidazioaren alde.

ELAk Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Arabako Foru Aldundiari eskatu die urgentziaz konponbide bat bila dezatela, Jaurlaritzaren kudeaketa-gomendioa erabiliz sortu baitute arazoa. Ezin dituzte bazterrean utzi suhiltzaile gisa urteak lanean daramatzaten langileak, eta LEP prozesuan parte hartzen ari diren pertsona guztien eskubideak ere bermatu behar dituzte.

ELAk babesa adierazi nahi die talde horrek aste honetan egingo dituen mobilizazioei.

Azkenik, ELAk eskatzen die EAEko herritarrentzako larrialdi zerbitzua bermatzen duten Aldundi eta hiriburuei, esperimentuak alde batera utzi, eta erakunde bakar batek has eta buka ditzala LEP prozesuak. Helburu horrekin mobilizatzen jarraituko du ELAk.