Kaleratutako anbulantzietako langileak berriz hartzeko eskatu dute ELA, LAB, UGT, CCOO, ESK eta CNTk

2021/12/14
Kaleratutako anbulantzietako langileak berriro onartzeko eskatu dute ELA, LAB, UGT, CCOO, ESK eta CNT sindikatuek, Osakidetzaren Bilboko egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzean. Anbulantzia horiek COVID-19ak kutsatutako pertsonak eramateaz arduratzen ziren, eta pixkanaka urriaren 8tik aurrera kendu dituzte. Garraio sanitarioko zerbitzuko langileek Eusko Jaurlaritzako Sailaren kudeaketa salatu dute, eta osasun larrialdi betean, herritarrentzako funtsezko zerbitzu bat azpikontratatzea eta enpresa pribatuak aberastea leporatu diote.

Sindikatuek gogorarazi dutenez, urriaren 8an COVID-19ak kutsatutako pertsonak lekualdatzeaz arduratzen ziren sei anbulantzia erretiratu ziren; ondorioz, zerbitzu hori ematen zuten 60 pertsonek enplegua galdu zuten. Hilabete geroago, beste bi anbulantzia erretiratu ziren, hau da, beste 20 kaleratze izan ziren.

Langileen arabera, horrek guztiak nabarmen handitu du Larrialdietako Garraio Sanitarioaren Sareko anbulantzien lan karga, berez handia zena.

“Erabiltzaileek denbora luzean itxaron behar izaten dute anbulantziaren zai”, salatu dute. Gaineratu dutenez, zerbitzu honetan enpresa esleipendunek baliabide asko eskaintzen dituzte beren eskaintzak erakargarrienak izan daitezen, baina praktikan anbulantzia horiek kotxetegietan geratzen dira, ez baitago langile nahikorik. Osasun Sailak entzungor egiten du eta, zerbitzua indartu beharrean, murriztu egiten du, hori guztia kudeatzen duten enpresa pribatuen etekinak gero eta handiagoak diren bitartean. “Diru hori egungo baliabideak handitzeko erabili zitekeen, Eusko Jaurlaritzak zerbitzuaren kudeaketa bere gain hartuko balu”.

Horregatik, sindikatuek zerbitzua publifikatzea eskatzen dute, anbulantziak herritarren eskura egon daitezen, eta ez enpresa pribatuen esku.