Kontratazioak nahieran Bizkaibusen eta Bilbobusen

2021/05/25
ELAk salatu duenez, nahieran egindako kontratazioak bueltan dira Bizkaiko bidaiarien garraioaren sektorean, eta lan-poltsetarako sarbidea ezkutuko eta bulego interesen mendeko izaten ari dira berriro, irizpide objektiborik eta gardentasunik gabe.

Egoera larri horren aurrean, ELAk uste du Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak ezin dutela beste alde batera begiratu, are gutxiago datozen lau urteetan erretiroengatik eta bestelakoengatik 300 lanpostu inguru hutsik geratuko direnean.

Gauzak horrela, egungo enplegua sendotzeko proposamena egin du sindikatuak, eta lan-poltsetan sartzeko irizpideak gardenak, publikoak, zuzenak eta objetiboak izan daitezen datozen langileentzat.

ELAk bilera erronda hasiko du Udalarekin, Aldundiarekin eta alderdi politikoekin, proposamena azaltzeko eta haren alde egiteko. Horrela, kontratazio askea, zuzena, publikoa eta gardena ahalbidetuko da.


Sindikatuak aurreratu du, azkenik, beharrezkoak diren mobilizazioak egingo dituela aldi baterako kontratuen tasak behera egin dezan Bizkaibusen eta Bilbobusen, eta kontratazio berrietan lan-poltsetan ezarritakoa bete dadin sarbide irizpide argiak erabiliz, modu objektibo eta gardenean.