#KontsolidazioaOrain Milaka lagunek enplegu publikoaren kontsolidazioa exijitu dute Bilbon, Gasteizen eta Donostian

ELA enplegu publikoaren kontsolidazioa lortzeko kanpaina betean dago. Horregatik ekainaren 5ean manifestazioak antolatu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetan, apirilaren 22an sektore publikoan greba deitu zuten gainontzeko sindikatuekin batera -ELA, LAB, CCOO, Satse, Steilas eta ESK-.
ELAk sektore publikoan duen arduradun Igor Eizagirrek nabarmentzen duenez, “Espainiako eta Europako behin-behinekotasun tasarik altuena dugu euskal sektore publikoan, % 40tik gorakoa arlo guztietan. Zerbitzu publikoak ahultzea eta prekarizazioa dakarten enplegu-arloko politika sistematiko eta orokor horiek azpikontrataziorako eta pribatizaziorako aurretiazko urratsak baino ez dira. Gure agintariek zerbitzu publikoekin negozioa egiteko erabaki politikoa hartu dute eta horretarako neurriak sustatzen dituzte".
Zentzu honetan, azpimarratu behar da ELAk behin-behinkotasunaren arazoarekin amaitzeko proposamen ezberdinak jasotzen dituen dokumentua igorri diola Espainiako Administrazio Publikoetako ministroari, Miquel Icetari:
- Estatuak ezarritako birjarpen-tasak kentzea, enplegu publikoaren suntsipenarekin amaitzeko, enplegu publikoa sortzeko eta pribatizatutako zerbitzu publikoak lehengoratzeko. Gure herrialdean zerbitzu publiko hobeak eskaintzeko plantillen zein hornidura eta neurri behar ditugun erabaki ahal izatea eskatzen dugu.
- EPOE berehala aldatu behar da, Hego Euskal Herriko administrazio publiko guztietan enplegua finkatzeko prozesu bermatzaileak egin ahal izateko oztopo guztiak ken daitezen, behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten 70.000 langile publikok baino gehiagok (EAE eta Nafarroa) enplegua berma dezaten.
- Kontsolidazio-prozesu bermatzaile horiek egiten ez dituzten administrazioentzako zehapen-formulak sartzea.
- Disuasio- eta zehapen-elementu eta mekanismo erreal eta eraginkorrak sartzea, erakundeek eta administrazioek aldi baterako kontratazioen eta bitarteko izendapenen gehiegizko erabilera berriz egin ez dezaten. Modu horretan bakarrik bermatu ahal izango da enplegu publikoaren behin-behinekotasun- eta prekarietate-tasa horiek berriro ez errepikatzea.