BIZKAIKO ESKU-HARTZE SOZIALA

Kotxe karabana eta manifestazioa, grebaren lehen egunean

2023/10/30
Bizkaiko esku-hartze sozialeko sektoreak borrokan jarraitzen du, Gizardatz eta Geroan patronalek negoziazio mahaia blokeatu dutelako. Gaur eman diote hasiera urrian deitutako bi eguneko grebari, kotxe karabana eta manifestazio baten bitartez, Bilbon.

Bizkaiko Esku-hartze sozialeko sektoreko langileek hasiera eman diote astelehen honetan ELA, CCOO, LAB eta ESK sindikatuek deitutako bi greba egunei, duela bi urte iraungitako hitzarmenaren negoziazioaren blokeoari aurre egiteko. Aurrerapausorik ez 27 mahai negoziatzaileren ondoren, ELAk salatzen du Gizardatz eta Geroan patronalek negoziatzeari uko egiten diotela, langileen lan baldintzak okertuz eta laneko segurtasuna bermatu gabe.

Goizean goizetik grebalariek protesta egin dute auto karabana batekin Bilboko kaleetan eta sektoreko enpresa nagusiak seinalatu dituzte (Cáritas, Agintzari, Gizakia, Berriztu Urgatzi V).

Bilboko Udaletxetik manifestazioa egin ondoren, grebalariek elkarretaratzea egin dute Gizardatz patronalaren aurrean, greba geldiarazteko saiakera salatzeko. ELAk azaldu duenez, EUDELen eskutik, Gizardatzek gutxieneko zerbitzuak handitzea eskatu zuen, gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonentzako inklusiorako zentroak zerbitzu minimoen zerrendan sartzeko saiakera eginez.

Bihar, urriak 31, seigarren greba eguna izango da eta mobilizazioekin jarraituko dute. Manifestazioa goizeko 11:00etan hasiko da, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ongizateko egoitzatik, Ugasko kalean.